Emakumezkoen palari ikusgarritasun gehiago emateko eskaera, Hernanitik

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko otsailaren 7a

Garbiñe Tijero eta Amaia Irazustabarrena, bihar jarriko duten 'Helmuga' saioan.

ETB1eko 'Helmuga' saioan egin dute aldarrikapena Garbiñe Tijerok eta Amaia Irazustabarrenak.  Bihar eskainiko dute.

Aste honetako ETB1eko 'Helmuga' saioan protagonista izango dira emakumezkoen pala, oro har, eta Amaia Irazustabarrena eta Garbiñe Tijero hernaniarrak, zehazki. Bihar eskainiko dute, 11:30etan; eta bertan, emakumezkoen palari ikusgarritasun haundiagoa emateko eskaera egingo dute bi hernaniarrek: «Komunikabideak hasi ziren nesken esku pelota ematen, eta badirudi hori bakarrik egiten dugula neskek. Baina pentsa zenbat urte daramazkigun palan jokatzen. Herrietako jaietan ere, partidu pila bat jokatzen genituen, eta orain ez digute inondik deitzen». 

 

Hernani eta Mundarro bikain, Gipuzkoako binakakoan

Mutilen lehiari dagokionez, bikain ari dira Hernani eta Mundarro, Gipuzkoako Binakakoan. Bigarren mailan, A multzoko aurreneko bi postuetan daude Mundarro (Larramendi-Goizueta) eta Hernani (Urruzmendi-Beloki), herenegun lortu­­tako garaipenekin. Lehenengo mailan, berriz, ligaxkako lauga­rrena jokatuko dute Mundarroko Agirrek eta Zubiarrainek gaur, 17:00etan Txomiñenen, Lagunaken kontra. Hirutik bi irabazi dituzte orain arte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!