Italiako Turinen jokatu zen, aurreko larunbatean, hyroxeko Europako zirkuituko lehenengo proba. Bertan izan zen Aitor Lizarazu hernaniarra, Igor Arruti urnietarrarekin batera, bikotekako modalitatean parte hartzen. Eta sekulako mailan aritu ziren: garaipena lortu zuten, kronoa 52:21 denboran geldituta. Minutu eta erdiko aldea atera zieten bigarrenei, Reynet eta De Bonniere frantziarrei (53:52); eta bi minutu pasatxokoa hirugarrenei, Robillard eta Halgland frantziarrei (54:40).
Horrela, ezin hobeto ekin diote 2026ko denboraldiari, markatu duten helburuari begira: ahalik eta puntu gehien pilatzea, Munduko Txapelketarako txartela lortzeko. Puntu gehien pilatzen dituzten 15 bikoteek hartuko dute parte. 2024an ere aritu ziren Munduko Txapelketan, eta zortzigarren sailkatu ziren. Postu hori hobetzea dute helburu aurten.
Bide horretan, etxetik gertu izango dute Europako zirkuituko bigarren proba, asteburu honetan bertan: Bilboko Hyrox Lehiaketa. Barakaldoko BECen jokatuko da, gaur eta bihar.