'Enarak' dokumentalari eman diote 2026ko Argia Saria, ikus-entzunezkoen atalean, «gaia modu original eta ausartean aurkezteagatik, dokumentazio lan aberatsagatik, eta euskal musikaren historia zatitxo bat txikitasunetik transmititzeko erakutsitako gaitasunagatik». Beñat Iturrioz da dokumentalaren zuzendaria, eta berak jaso zuen saria, Juanjo Iturrioz eta Jose Iñurrita protagonistekin batera.
Saria ezustean jaso dutela dio hernaniarrak: «Horrelako aitortzek indarra ematen dute, eta espero dugu filmari ere emango diola bide berri bat». 1967an, diktadura frankista betean, seminarista batzuek sortu zuten Enarak musika taldeari buruzkoa da dokumentala. Pop, rock eta psikodelia estiloak euskera hutsean landuz, ehunka kontzertu eman zituzten, baina modu misteriotsuan desagertu ziren 1971n.
Beñat Iturriozen aita (Juanjo) zen taldeko abeslaria, eta taldearen aztarnen bila abiatu zen 50 urte beranduago. «Ikusi nuen aztarnarik utzi ez zuen historia bat zela, guk atzera begiratu ez dugulako, eta beraiek ere ez ziotelako garrantzia haundirik eman. Baina inurri lan ikusezin hori garrantzitsua da. Alez ale sortzen den menditxo hori da herrigintza, eta gauza txikiak egiteak garrantzia dauka», azaldu du zuzendari hernaniarrak.