Hernanin aurkeztuko dute Geuretik Sortuak zirkuitu nazionala, gaur

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko otsailaren 6a

'Zazpikiak bat' komiki bildumaren egileetako batzuk, lanarekin.

Biterin egingo dute ekimenaren aurkezpen ofiziala arratsaldean, eta bertso saio irekia izango da 19:00etan.

 

«Makineria prest» dauka Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoak, bere hirugarren edizioko fruituak lau haizeetara zabaltzeko. «2026a izango da fruitu horiek dastatzeko garaia, zirkuitu nazional baten bitartez», nabarmendu dute.

Eta hain juxtu, Hernanin egingo dute zirkuitu horren aurkezpen ofiziala, gaur bertan. Biteri kultur etxean egingo dute aurkezpen ekitaldia prentsaurrean, gaur arratsaldean; eta herritar guztiei irekitako bertso saioa izango da ondoren, 19:00etatik 20:30etara, zuzeneko ilustrazioekin.

Azaroan aurkeztu zuten uzta berriaren aurreneko fruitua, komikigintzari dagokiona: 'Zazpikiak bat' izeneko komiki bilduma osatu dute, hainbat komikigileren lanekin. Horien artean da Uxue Bereziartua hernaniarra, Larraun, Betelu, Araitz eta Lekunberriko 'Neskato onak' irudikatu dituena. Hernaniarrek badute protagonismoa, beste komiki batean ere: zenbait herritarrek euskerarekiko duten harremana jaso du Amane Apalategik bere lanean. Horretarako, Hernanin egonaldia egin zuen Donibane Lohizuneko komikigileak.

Antzerkigintzan, berriz, zortzi konpainiak landu dituzte obrak Geuretik Sortuaken hirugarren edizioan. Horietako bat Astigarragako Erribera kulturgunean sortu du Zelako Kultur Ideiak konpainiak, 'Izeba Txirrita' izenburuarekin. Urtarrilean estreinatu zuten Erriberan bertan, eta Euskal Herri osora zabalduko dute urtean zehar. Zortzi obra horietako beste bat ere eskainiko dute otsailean Erriberan: 'Frankopoleon', Kulturarte konpainiarena, otsailaren 27an, iluntzeko 19:00etan.

Literaturak eta zineak ere toki nabarmena dute aurtengo zirkuitu nazionalean. 'Hamaika irakurtzeko jaioak' ipuin bilduma osatu dute, 11 egilek beste herri batean egindako egonaldietan sortutako lanekin. Eta lau film labur osatu dute lau zinegilek, 'Lau Haizeetara' izenburupean.

Egitasmoaren webgunean (udalbiltza.eus/geuretiksortuak) ere bada nobedaderik. Batetik, 'Agenda' atala sortu dute, zirkuitu nazionaleko data guztiak bilduko dituena. Eta bestetik, prest dago 'Emaitzak' atala ere. Bertan eskuragarri daude ipuin eta komiki guztiak, eta baita gainerako lanei buruzko informazioa ere.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!