Inude eta Artzainen konpartsa kalera aterako da igande honetan

Libe Murua Masid 2026ko otsailaren 5a

Argazkilariak, barkilleroak eta globeroek ez dute hutsik egingo konpartsan.

Urumea ikastolaren konpartsarekin eta Hernaniko Musika Bandaren kontzertuarekin emango zaie hasiera aurtengo Inauteriei. 

Igande honetan, hilak 8, aterako du Urumea ikastolak Inude eta Artzainen konpartsa Hernaniko kaleetara. Inauteriei hasiera emateko festa honen 31garren edizioa izango da aurtengoa. Igandean bertan, Hernaniko Musika Bandak Inauterietako lehenengo kontzertua ere eskainiko du. Inauterietako ohiko egitarauak emango die jarraipena, hilaren 17a bitarte.

130 umez osatuko da Inude eta Artzainen konpartsa, horietatik 48 dantzariak. Hauen aurretik, desfilearen hasieran garaiko zenbait pertsonaia ikusi ahal izango dira: globeroak, piruleteroak, barkilleroak, umezainak, alkatea, argazkilaria... Txarangako musikariek eta 40 bat ikasle danborjolek ere osatuko dute konpartsa. 

Konpartsa 11:45etan irtengo da Urumea ikastolatik, eta Kaxkoko zenbait kale igaro ondoren, Plazan ekitaldi nagusia antzeztuko dute. Eguraldi txarra egingo balu, ekitaldia Atsegindegira lekualdatuko luketela jakinarazi du ikastetxeak.

Musika Bandaren kontzertua, igandean

Inauterietan bi kontzertu eskainiko ditu Hernaniko Musika Bandak. Lehenengoa igande honetan izango da, 13:00etan udaletxeko arkupeetan. Tolosako Inauterietako doinu aski ezagunak entzun ahal izango direla aurreratu dute. 

Astebetera egingo dute bigarren emanaldia, otsailaren 15ean. Sorotan Bele taldearekin batera joko du Bandak, Atsegindegin, arratsaldeko 19:00etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!