«Kirol aisialdia euskeraren arnasgune izatea lortzeko», hitzarmenak sinatu dituzte Hernaniko klubek eta Udalak

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko otsailaren 5a

Kirol klubetako, Udaleko eta Euskararen Kontseiluko ordezkariak, ekitaldian.

Hitzarmen horren baitan, euskera planak garatuko dituzte klubetan, datozen lau urteetan, Udalak kontratatutako aholkularitza zerbitzuaren bitartez. «Euskeraren ezagutzatik erabilerara» dagoen aldea murriztu nahi dute. 

Euskera planak garatzeko hitzarmena sinatu zuten, astearte arratsaldean, Hernaniko Udalak eta herriko zazpi kirol klubek: CD Hernani, Hernaniko Arraun Elkartea, Hernani Club Rugby Elkartea, Hernaniko Eskubaloi Taldea, Hernani Igeriketa, Hernaniko Judo Taldea eta Hernani Saskibaloia. Hitzarmen horren bitartez, Udalak aholkularitza enpresa bat kontratatuko du, klub bakoitzarekin euskera plan bana osatu dezan, helburu komunarekin: «Kirol aisialdia euskeraren arnasgune izatea lortzea».

Hala azaldu zuten Xabier Lertxundi alkateak eta Axier Mingo Euskara zinegotziak, sinadura ekitaldian. Biek eskertu zu­ten klubek «erakutsitako prestuta­suna, lankidetza, emandako erraztasunak eta euskerarekiko hartutako konpromisoa».

Zentzu horretan, nabarmendu zuten Hernaniko Euskararen Kontseiluan adostutako ekimenetako bat dela hau. «Jokin Nazabal euskera teknikaria joan da klubetara, euskeraren egoera ezagutu eta diagnostikoa osatzera; eta datuak pozgarriak dira. Hernaniko kirol klubetan badago euskera sustatzeko sentsibilitatea eta gogoa. Ia zuzendaritza talde, entrenatzaile eta kirolari haur eta gaztetxo guztiak dira euskaldunak, baina kalean bezalaxe, badago aldea ezagutzaren eta erabileraren artean, eta hor dago erronka».

Garbiñe Makatzaga Txirrita eskolako zuzendariak ere hartu zuen hitza, Euskararen Kontseiluaren ordezkari: «19 urtetik beherakoen %90ak badaki euskeraz, eta datu hori zoragarria da; baina familien %26ak egiten du euskeraz bakarrik. Eskolan euskeraz ari gara, eta etxean euskera jaso ez duten haurrek bertan jasoko dute, baina eskola bakarrik ez da nahikoa. Aisialdian eragitea ezinbestekoa da, eta bide horretan, oso garrantzitsua da hitzarmen hau, haur eta gazteen sozializaziorako eremu garrantzitsua baita kirola».

Kirol kluben izenean hitz egin zuen Dunixe Berlanasek, CD Hernaniko lehendakariak; eta nabarmendu zuen «gizartearen isla» direla kirol klubak: «Kaleko ohiturak islatzen dira klubetan ere. Kontziente gara euskera normalizatzeko dugun garrantziaz, eta badaukagu sentsibilitatea eta gogoa, baina askotan ez da erraza izaten, ezin dugu bakarrik egin. Horregatik, aholkularitza eta laguntza oso garrantzitsua izango da, euskeraren erronkari seriotasunez eta sistematikoki heltzeko».
 

«Baldintzak ematen dira eta haizea aldeko dugu erronka honi heltzeko»

Lau urterako hitzarmena da Udalak eta kirol klubek sinatu dutena, eta ekimena kokatu dute Euskararen Kontseiluak eta Udalak 2023-2027 eperako adostu zuten Euskara Planaren baitan. 2024an egin zuten euskeraren erabileraren diagnostikoa kirol klubetan, 16 urtetik beherako talde eta kirolarien hizkuntza ohiturak neurtzeko. Orain, aholkularitza enpresa bat ariko da klubekin batera, Euskara zerbitzuarekin koordinatuta, egingarriak eta baliogarriak izango diren euskera planak garatzeko. 

«Baldintzak ematen dira klubetan, eta haizea aldeko dugu erronka honi heltzeko», nabarmendu zuen alkateak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!