Inauteriak «iraunkorragoak, sozialagoak eta inklusiboagoak» izan daitezen, 'Mozorrofest' egitasmoa jarri du martxan Emaus Gizarte Fundazioak: bigarren eskuko mozorro festa egingo du otsailaren 6tik 14ra, Hernanin daukan egoitzan (Latsunbe 10).
Ostiral honetan egingo dute inaugurazio ekitaldia, goizeko 10:00etatik aurrera; eta bertan izango dira instituzioetako ordezkariak. Eguerdiko 12:00etan egingo dute aurkezpen ofiziala.
Bi ekimen nagusi izango ditu festak. Batetik, bigarren eskuko mozorroen salmenta izango da, hilaren 6tik 14ra: astelehenetik ostiralera 10:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan 10:00etatik 13:30etara. Mozorro osoak, jantzi solteak, osagarriak eta erretalak topatuko dituzte bertaratuek, «proposamen original eta jasangarriak sortzeko».
Eta bestetik, mozorroak josi eta erreparatzeko bi tailer egingo dituzte, ostiral honetan bertan, inaugurazio ekitaldiaren baitan. Goizez egingo dute aurrenekoa, 10:00etatik 13:00etara, Hernaniko Lanbide Heziketako ikasleei zuzenduta. Eta arratsaldez egingo dute bigarren saioa, 18:00etatik 20:00etara, Hernaniko eta inguruko herritar guztiei irekia eta doakoa. Ez da aldez aurretik izena eman beharko, baina lekua mugatua denez, iristen diren ordenean hartuko dute parte bertaratuek.
«Dendak topagune komunitario gisa bultzatu nahi ditugu»
Ekimen honekin, Emausek herritarrei helarazi nahi dizkie «kontsumo arduratsuko benetako alternatibak», konponketa, berrerabilpena eta bigarren eskuko erosketak sustatuz.
Emaus Gizarte Fundazioaren «estrategia berriaren» baitan kokatu dute 'Mozorrofest'. «Estrategia horren bidez, dendak bultzatu nahi ditugu topagune komunitario gisa, eta saltoki gisa ez ezik, sortu dira kontsumo arduratsuaren inguruan sentsibilizatzeko, herritarrek parte hartzeko eta gizartea aktibatzeko gune gisa», azaldu dute.
Ikuspegi horretan, nahi dute dendak izatea «publiko berriak erakartzeko gai diren espazioak, iraunkortasuna, sormena eta gizarteratzea uztartzen dituzten kultur jarduera, tailer eta dinamika partehartzaileen bitartez». Horrekin, era berean, «hondakinak murrizten» lagunduko du, «gizarte inklusiboago eta jasangarriago baterantz».