Gaztagintza ekologikoari buruzko bi saio otsailean, Telleri-Zaharren

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko otsailaren 3a

Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatuta, hilaren 8an eta 22an izango da bisita bana Hernaniko gaztandegira, eta izenematea zabalik dago.

Gaztagintza ekologikoaren eta arkumeen sekretuak ezagutzeko aukera izango da Hernaniko Telleri-Zahar gaztandegian, otsailaren 8an eta 22an. Izan ere, bi bisita gidatu antolatu ditu Gipuzkoako Parketxe Sareak, biak ere goizeko 11:00etan hasita. Aurreneko saiorako, izenematea dagoeneko zabalik dago, gipuzkoanatura.eus webgunean: 12 euro dira helduentzat, eta 6 euro haurrentzat (3-12 urte). Plazak mugatuak izango dira.

Ordu eta erdiko bisitan, ezagutuko dituzte ardien elikadura eta zainketa, gertutik ikusiko dituzte arkumeak, ardiei jaten emango diete, ezagutuko dute gazta egiteko prozesu osoa, eta dastatuko dute bertan ardi latxaren egiten duten Idiazabal gazta. Gainera, betebehar bereziak eskatzen ditu gazta ekologikoaren ekoizpenak, eta horien berri ere emango du Ramon Mugerzak.

Urtarriletik ekainera egiten dute gazta, azaro-abendu partean jaiotzen baitira arkumeak. «Beraz, oso garai egokia da ardiak eta arkumeak ikuiluan ikusteko eta gazta egiteko prozesua ezagutzeko», nabarmendu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!