Partidu gogorra Hernanik etxean, Euskal Ligako bigarrenaren kontra

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko urtarrilaren 31

Garazi Lizarraga, erdiratzeko prest, aurreko partidu batean.

Berdeek Pauldarrak hartuko dute Zubipen, gaur 17:30etan, goiko postuetara hurbiltzeko aukerarekin.

Gorabeheratsu dabil Hernani azken asteotan, emakumezkoen Euskal Ligan: garaipen bakarra lortu du azkeneko bost partiduetan, konpromiso zailak tarteko. Halakoa dauka gaurkoan ere, Pauldarrak bigarren sailkatua hartuko baitu Zubipen, arratsaldeko 17:30etan.

Partidu gogorra daukate berdeek, baina era berean, baita goiko postuetara gerturatzeko aukera polita ere. 35 puntu dauzka Barakaldoko taldeak, eta bost gutxiago Hernanik, sailkapenaren bosgarren tokian.

Hernaniko mutilek ere etxean jokatuko dute, baina biharko daukate hitzordua: Bergara izango dute bisitari, eguerdiko 13:00etan hasita. Ligako bosgarren sailkatua da talde bergararra, baina berdeek ezinbestekoa dute puntuak hirunaka pilatzen hastea, jaitsiera postuetatik ateratzeko: azkenaurrenak dira, 18 partidutan 15 puntu lortuta. Urriaren 25ean lortu zuten azkeneko garaipena hernaniarrek. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!