Indartsu datoz CD Hernaniko gazteak, eta horren erakusgarri da klubeko bi marka bota dituztela azkeneko asteotan. 44 urtez iraun duen marka bota berri du Irati Mujika Larburuk, 800 metroko proban. Joan den igandean jarri zuen marka Mujikak, Donostiako belodromoan. 2:26.79 denboran osatu zuen proba Mujikak, gutxigatik gaindituz Maria Luisa Etxeberria Rekondok 1982an jarri zuena (2:27.0).
Peru Arregi Zelaietak, berriz, lau aste lehenago jarria zuen marka berria, 3.000 metroko proban: 8:41.48an gelditu zuen kronometroa abenduaren 27an, Donostiako belodromoan bertan; eta lau segundutan hobetu zuen Sergio Roman Bermejok orain arte zeukan marka. 2011ko otsailaren 12koa zen Romanen marka, 8:45.41ekoa. Bitxikeria da, bien entrenatzailea dela Florian Garcia Pavon, eta baita Irati Mujikarena ere.
Bestalde, kroseko Espainiako Txapelketan aritu zen Irune Mateo Hernandez, joan den asteburuan, Euskadiko selekzioak deituta. Kordoban jokatu zen, Almodovar del Rioko 'El Pinillo' zirkuituan; eta 20 urtez azpikoetan aritu zen Mateo, 5,22 kilometroko proban. Oso maila haundiko lehiakideen aurrea, ezin izan zuen proba osatu Mateok.