Jauregi Bailarako auzokideen elkartean adostutakoaren berri eman nahi dut lerro gutxi batzuetan, Hernaniko beste herrikideek jakin dezaten.
Ez dugu nahi, Jauregi Bailaran Anoeta futbol zelaiko tamainako lurjale erraldoirik.
Ez dugu nahi gure lurretan beste lekuetako lur kutsatuei, kutsadura garbituko dien instalaziorik. Bakteria 'ekofriendly', organiko eta biologikoek egin behar badute lan hori ere!
Ez ditugu lur kutsatuak urtero, ekarriko dituzten 12.000 kamioirik ikusi nahi, ez usaitu, ez eta entzun ere egin nahi. Ez ditugu botako duten kea eta hautsa arnastu nahi.
Ez dugu nahi, Ekoland Bioerremediaziorako instalazioaren filtro aurreratu eta eraginkorrenek, arnastuko dugun airea iragaztea. Ez eta bere usaia gure etxeetara sartzea.
Ez dugu nahi, gure lurrak eta urak jangarri eta edangarriak izan daitezkeen jakiteko, Ekoland planta erraldoiaren baimenik nahi. Nahikoa dugu oraingoz, erraustegiko toxinen gorabeherekin. Ez dugu etorkizunean, inola ere gertatu behar ez zen istripu horren biktima izan nahi.
Ez dugu hori gure ondorengoentzat ere nahi.
Ez gara trebeak izango beharbada etorkizuna iragartzen, baina iraganak asko irakatsi digu.
Jakin dugunaren arabera, Europak, lur kutsatuekiko duen joeran, lekuan bertan garbitzea bada, zergatik hemen lurrak leku batetik bestera mugitu kutsadura areagotuz?
Ezin dela EAEn horrela egin? Aurkitu orduan beste leku bat. Bilatu eta ekin horretan aurkitu arte. Proiektu batek ideien munduan jarraitu behar du, modu egokienean gauzatzeko aukera izan arte.
Adibide bat jartze arren, zergatik ez berrerabili hutsik dauden hainbat industrialde? EAEk zerbait badu, iragan industrial basati bat da. Ez ote dago industrialderik herri eta hirietatik urrunago, azpiegitura duinekin oraindik, lurren garbiketa bertan egin, eta ingurumen-inpaktua gutxiagotzeko?
Guk ez dugu insolidarioak izan nahi. Badakigu, lur kutsatuen arazoak buruhauste handiak dakarzkiola administrazioari, izango da ordea, leku hobeagorik. Ziur baietz.
Bestalde, Jauregi Bailarak baditu egiturazko arazoak eta behar handiak: lehen sektoreak lana baldintza duinetan egin ahal izateko azpiegitura, argiteria publikoa, haurrentzako parkeak, oinarrizko garraio publiko bat…
Jauregi Bailarak baditu bere beharrak, Hernaniko auzo desberdinek dituzten bezala, baina inongo beharretan ez dago bioerremediazorako eraikin bat.
Mirari Garmendia Otamendi, Gizarte Antropologoa EHUren eskutik