Eman gabe geratu da III. Auzmendi Beka

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko urtarrilaren 30a

Aurtengo hezkuntza beka eman gabe uztea erabaki du epaimahaiak, lanek ez dituztelako islatzen «bekaren helburuak eta balioak».

Ez dute emango Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Beka, bere hirugarren deialdian. Hala erabaki du epaimahaiak, argudiatuz aurkeztutako lanek ez dituztela «behar bezala islatzen bekaren oinarrietan aipatzen diren helburuak eta balioak».

Bekaren helburua da 12.000 euroko dirulaguntza ematea «Joxe Mari Auzmendi zenaren hezkuntza balioetan oinarritzen diren eta ikastetxeen eraldaketan eragin dezaketen proiektuei». Horien bitartez, Euskal Herriko ikastetxe guztientzat «eraldaketan lagungarria izan daitekeen proposamena» egin nahi diete, «ikastetxeen beharrei erantzungo dien ikerketa burututa».

Hirugarren deialdia eman gabe utzita, laugarrenerako data ere finkatu dute Hik Hasik eta Hernaniko Udalak: 2027ko urtarrilean egingo dute deialdia.

Bigarren bekaren emaitza, aurtengo udazkenean

Era berean, jakinarazi dute aurtengo udazkenean jarriko dutela, denen eskura, bekaren bigarren deialdiarekin landutako materiala. Jakinmin Elkarteak jaso zuen beka hori, honako proiektuarekin: Elkarrizketa ar­gu­diatu kooperatiboa: hezkuntza komunitatean hausnarketa, bizikidetza eta erabaki prozesu parte-hartzaileak sustatzeko metodologia

Bi urtez landu dute, eta helburu bikoitza du: ikasleengan sustatzea hausnarketarako gaitasuna eta erabaki prozesuetan partehartzea; eta irakasleen jar­dunean bultzatzea hausnarke­ta pedagogikoa eta ka­litatezko era­baki prozesu partehartzaileak. 

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!