«Eremu tentsionatu izendapena bera bezain garrantzitsua da hori lortzeko egindako bidea»

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko urtarrilaren 30a

Andu Martinez de Rituerto, Xabier Lertxundi, Denis Itxaso eta Mikel Arruti, atzoko agerraldian, Hernaniko udaletxean.

Gaur edo bihar argitaratuko da, Estatuko Boletin Ofizialean, Hernaniren, Tolosaren eta Lezoren izendapen ofiziala etxebizitza eremu tentsionatu gisa. Horren atarian, agerraldia egin zuten atzokoan hiru herrietako alkateek Hernanin, Denis Itxaso Etxebizitza sailburuarekin batera.

Prozesu luze baten ondoren, gaur edo bihar jasoko du Hernanik etxebizitza eremu tentsionatu izendapen ofiziala. Egunotan argitaratuko da Estatuko Boletin Ofizialean, Tolosaren eta Lezoren izendapenarekin batera; eta hortik aurrera indarrean izango dira horrek dakartzan hainbat neurri, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko.

Hiru herrietako alkateek agerraldia egin zuten atzo, Hernaniko udaletxean, Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuarekin batera. Udaletxeko atarian elkartu ondoren, areto nagusian eskaini zuten prentsaurrekoa lau ordezkariek. Nabarmendu zuten oso tresna garrantzitsua izango dela izendapena, baina balioan jarri zuten aurreko lanketa guztia: «Eremu tentsionatu izendapena bera bezain garrantzitsua izan da hori lortzeko egin dugun bidea», azpimarratu zuten.

Zentzu horretan, Xabier Lertxundi alkate hernaniarrak azaldu zuen «prozedura tekniko eta administratibo luzea baina oso interesgarria» izan dela izendapena lortzekoa: «Urteetan Hernanin egiten ari ginen lanketa borobiltzeko balio izan du, nolabait. Diagnostikoa egin dugu, eta eguneratu dizkigu datu batzuk, eta kezkagarriak dira. Esaterako, 2016 eta 2023 urteen artean %22 haunditu dela alokairuaren prezioa, edota familia bakoitzak etxebizitzara bideratzen duela, batazbeste, bere diru-sarrera guztien %30 baino gehiago. Hori askotan normaltzat jotzen dugu, baina legeak aipatzen duen atalasetik gora dago».

Diagnostiko horretatik abiatuta osatu dute ekintza plana, lehentasuna jarrita dagoen etxebizitza beharrari eta eskariari erantzuten, eta etxebizitza merkatuan dauden prezioei neurri batzuk jartzeko. Zentzu horretan, Lertxundik azaldu zuen «etxebizitza eskaintza haunditzea eta etxe hutsak merkaturatu daitezen lortzea» izango direla ildo nagusiak. Azkeneko horri begira sortu dute Etxebizitza Behatokia, kudeaketa publiko-komunitarioa izango duena, eta orain bi aste aurkeztu zutena.

Horrekin guztiarekin, alkateak nabarmendu zuen «lanketa integral bat» dela egin dena, eta etxebizitza eremu tentsionatu izendatzeak borobildu egingo duela: «Argi izan behar dugu neurri hau ez dela nahikoa. Etxebizitzarena lehen mailako kezka bat da, eta bestelako neurri batzuekin lagunduta egin behar zaio aurre. Horretarako, elkarlanean jarraitu behar dugu erakundeok, bermatzeko etxebizitza eskubidea betetzen dela».

Ildo beretik aritu ziren Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatea eta Mikel Arruti Lezoko alkatea ere. Martinez de Rituertok adierazi zuen, «aurrerapauso txiki bat» emango dela izendapenarekin, «etxebizitzaren arazo eta erronka honi aurre egiteko tresna bat gehiago izango dugulako. Beharrezko urratsa da, gero eta zailagoa baita etxebizitza prezio eskuragarrian topatzea. Tresna honek aukera emango digu alokairuaren prezioak mugatzeko. Etxebizitzaren arazoa merkatuko logikatik atera behar dugu, eta espekulazioari muga jarri». Arrutik, berriz, azaleratu zuen Lezo, Tolosa eta Hernani herri ezberdinak izanagatik, «adierazgarria» dela hiruetan «arazo berdinak identifikatu eta antzeko tresnak abian jarri» dituztela: «Gure gizarte zabal baten arazoa da etxebizitzarena, eta administrazio publikoen lan ildo garrantzitsuenetakoa izan behar luke horri konponbidea emateak». Donostiarekiko gertutasunak dakarren presioa ere mahai gaineratu zuen Lezoko alkateak, Xabier Urdangarin alkate astigartarrak ere behin baino gehiagotan aditzera eman izan duena.

Hainbat neurri martxan, izendapena ofizialki argitaratzearekin batera

Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak, bere aldetik, garbi utzi zuen atzokoan ez zirela «ezer ospatzen ari; arazo baten errekonozimendua egiten ari gara, eta adierazten ahalik eta azkarren atera nahi dugula eremu tentsionatu izatetik».

Era berean, aditzera eman zituen izendapenak berekin dakartzan ondorio nagusiak. «Batetik, aktibatu egiten dira hiru urterako Etxebizitza Planak, udalerri bakoitzak markatutako ekintza eta neurriekin. Bestetik, mugatu egingo dira alokairuaren prezioak, Gipuzkoako erreferentziazko prezioen indizearen arabera. Gainera, maizterrek eskubidea izango dute amaitzera doazen kontratuak nahitaez luzatzea eskatzeko. 2026an, 8.019 dira bukatuko diren kontratuak Gipuzkoako eremu tentsionatuetan, eta maizter horiei egonkortasuna emango die neurriak. Eta iruditzen zait etxejabeei ere emango diela egonkortasuna, denoi ematen baitigu lasaitasuna, kontratuak luzeagoak izateak. Jabearentzat ez du erakargarritasunik izango maizterrak aldatzeak, ezingo duelako prezioa haunditu. Era berean, izendapenak eragotzi egiten du etxebizitza turistikoak ezarri ahal izatea. Isunak ere jarri ahal izango dira, ez badira alokairuaren mugak errespetatzen edo etxebizitza turistikoak ezarriz gero. Eta bi programa ere badaude, eremu tentsionatuetan indartu egiten direnak: Gaztelagun dirulaguntzak eta Bizigune etxe hutsak merkaturatzeko laguntza programa».

«Hernanin, 2026an hasi nahi dugu kanona aplikatzen etxe hutsei, merkaturatu ezean»

Etxeak merkatura ateratzen laguntzea, etxejabeen «beldurrak» uxatzea eta bide hori erraztea izango da lehentasuna, eta horretan jarri nahi dute indarra hiru udalek eta Jaurlaritzak. Baina garbi azaldu dute, era berean, neurri zorrotzagoak ere hartuko dituztela etxe hutsa merkaturatu gabe jarraitzen duten horiekin. Hernanin, zehazki, denbora da IBIaren errekargua aplikatu zietela etxebizitza hutsei, eta orain kanona kobratzeko prestaketetan ari dira. Hala azaldu zuen Xabier Lertxundik: «Aurten kanona aplikatzen hasi nahi dugu, eta Eusko Jaurlaritzarekin batera ari gara lanean. Ez dirua biltzeko helburuarekin, etxe hutsak merkatura ateratzea lortzeko baizik».

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!