Joan den igandean egin zuen urteko batzarra Xalaparta elkarteak, eta bertan erabaki zuen zeini egingo dion aurtengo aitortza kuttunena: Juanjo Uria Zubiarrainek jasoko du Hernaniar Bikain izendapena, batzarrak gehiengo osoz aukeratuta.
Ekainean egingo dute izendapen ofiziala eta omenaldia, ohi bezala, elkartearen urteurreneko bazkarian. Izendapenarekin batera, berak egindakoak gogora ekarri eta goraipatu ditu Xalapartak.
75 urte bete berri izango ditu Juanjo Uriak, omenaldiaren unean. 1951ko ekainaren 5ean jaioa, ibilbide profesional eta pertsonal oparoa urratu du, Biteriko eskolan eta Karmelo Labakan ikasi ondoren. 29 urtez aritu zen Gureola-Scott papeleran, eta kooperatiba bat sortu zuen gero, hainbat kiderekin.
Hernaniko alkate hautatu zuten 1979an, 27 urte zituela, tentsio haundiko urte zail eta gogor haietan. Autoan lehergailu bat jarri zioten, eztanda egitera iritsi ez zena; eta 1982an atxilotu eta Madrilera eraman zuten. Astebetez eduki zuten inkomunikatuta, kargurik gabe aske utzi zuten arte. Bere agintaldian zehar, hainbat obra potolo kudeatu zituen: kiroldegia, zaharren egoitza, jubilatuen etxea haunditzea, anbulatorioa haunditzea, errugbi zelaiko instalazioak....
Oso gaztea zela, 16-17 urterekin, hartu zuen kontzientzia euskeraren eta gizarteko zein kulturako hainbat gairen inguruan. 1973an sartu zen Mendi Gain taldean, eta bertako zuzendaritza taldeko kide izan zen, mendi irteerak, bertso jaialdiak edota San Inazio jaiak antolatuz, besteak beste. Ordurako, urteak zeramazkien Harri Burni elkartean, euskera eskolak ematen, eta bizitza osoa eman du euskeraren defentsan eta dibulgazioan lanean, modu altruistan.
Hernaniko Bertso Eskolaren sortzaile izan zen, eta lan haundia egin du bertsolaritzaren mesedetan. Horren erakusgarri da 2023an Bertsozale Elkarteak egin zion aitortza berezia: berak jantzi zion txapela Maialen Lujanbiori, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian.
Hori guztia «eta beste kontu asko» balioan jarri ditu Xalaparta elkarteak, Juanjo Uria izendatzeko 2026ko Hernaniar Bikain.