«Adinekoentzako ipuin kontaketekin, asmoa da beraiei kontatzea eta bueltan ere istorioak eta kantak jasotzea»

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko urtarrilaren 28a

Dorleta Kortazar, ipuin kontaketa saio batean.

Ostiralean hasiko dira 75 urtetik gorakoentzako ipuin kontaketa saioak, Hernaniko Udal Liburutegian. Egitasmo aitzindaria da Euskal Herrian, eta gogotsu daude martxan jartzeko. Izenematea zabalik dago oraindik.

Aitzindari izango da Hernaniko Udal Liburutegia, ostiral honetan: adinekoei zuzendutako ipuin kontaketa saioa egingo dute, goizeko 11:00etan hasita, Dorleta Kortazarren eskutik. Horrekin jarriko dute martxan 'Kontu kontari +75' egitasmoa.

«Kontu berria da Euskal Herrian. Espainian egiten da zerbait, baina oso gutxi», azaldu du Ainara Aiestaran liburuzainak: «Nik aspalditik neukan buruan horrelako zerbait. Behin entzun nuen, haurrekin funtzionatzen duenak, adinekoekin ere funtzionatzen duela. Eta ikusita ipuin kontaketetara haur asko etortzen direla, zergatik ez probatu adinekoekin?».

Ekimenak elkarlanean, Auzo Zaintzak eta Udal Liburutegiak

Auzo Zaintzako eta Udal Liburutegiko kideen arteko bileran landu zuten ideia, elkarlanean ekimenak martxan jarri nahian. «Badaukagu beste egitasmo bat ere: irakurketa errazeko gida bat kaleratzea. Izan ere, Auzo Zaintzan detektatu zuten badagoela jendea irakurle sutsua izan dena, baina adinarekin, memoria arazoak edo irakurtzeko zailtasunak tarteko, ez duena irakurtzen. Eta eskatzen dituzte irakurtzeko errazak diren liburuak, edo pertsonaia gutxikoak», azaldu du liburuzainak. 

Eta egitasmo horren harira atera zen ipuin kontaketen ideia: «Literatura idatzia ez ezik, ahozkoa ere izan zitekeen helduekin lantzekoa. Bai beraiei kontatzeko, eta baita bueltan jasotzeko ere, beraiek izan ditzaketen kantak, istorioak eta bestelakoak biltzeko». 

Bide horretan, ezin perfil egokiagoa dauka Dorleta Kortazarrek: ipuin kontalaria da, baina baita gizarte hezitzailea ere, lanbidez. Eta haurrekin baino gehiago lantzen ditu ipuin kontaketak helduekin. «Ideia bota nion, eta berak berehala hartu zidan», dio Aiestaranek: «Gainera, juxtu zetorren Extremaduran gai horri buruzko jardunaldi batzuetan parte hartzetik, adinekoentzako ipuin kontaketak».

Ipuin kontaketa batetik abiatuko da Kortazar saio hauetan, baina ondoren, asmoa da «arike­ta bat egitea aho-korapiloekin, poemekin... eta horrekin sustatzea bertaratuek atera ditzaten memorian dauzkaten txikitako kantak, sehaska kantak, istorioak...». Ordubeteko saioa izango da, eta elebitan egingo dute, partehartzaileen arabera.

Izenematea zabalik, liburutegian bertan

Oraingoz 7-8 lagun daude izena emanda ostiral honetako saiorako, eta apuntatzeko aukera zabalik dago oraindik, Udal Liburutegian bertan. 15 lagunentzat izango da tokia, gehienez ere.

«Hasteko irrikaz» daude antolatzaileak, aitortu dutenez: «Go­gotsu gaude ekiteko, eta ikusteko ea zer norabide hartu dezaketen saioek», kontatu du Ainara Aiestaranek: «Gainera, Dorleta bera oso 'entxufatuta' dator, Extremaduran izan baita egunotan berriro, gai hau lantzen».

Ekimenaren aurreneko saioa izango da ostiral honetakoa, eta beste lau dauzkate aurreikusita, hileko azkeneko ostiralean, maiatzera bitarte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!