Irazustabarrenak eta Galdosek jantzi dute Euskal Herriko txapela

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko urtarrilaren 27a

Garbiñe Tijero, Garazi eta Nahia Eizmendi, Amaia Irazustabarrena eta Leire Galdos, sari banaketan.

Nagusi izan ziren CD Hernaniko bi bikoteen arteko finalean, etxean: bi jokotan menderatu zituzten Eizmendi ahizpak (10-6 eta 10-4).

Euskal Herriko hiru finalen eszenatoki izan zen Hernaniko kiroldegiko frontoia, joan den larunbatean. Bertan jokatu ziren Euskal Herriko Kluben arteko Txapelketaren finalak, paleta gomaz, neska kadete, jubenil eta nagusietan. Bereziki erakargarria zen azkeneko hori, CD Hernaniko bi bikote aritu baitziren aurrez aurre; eta Amaia Irazustabarrenak eta Leire Galdosek jantzi zuten txapel preziatua. Hernaniarra eta oiartzuarra nagusi izan ziren, eta bi jokotan menderatu zituzten Nahia eta Garazi Eizmendi ahizpa aiarrak (10-6 eta 10-4).

Hernanin jokatutako beste bi finaletan, Nafarroara joan ziren txapelak, bertakoak baitziren finalista guztiak. Jubeniletan, Lintzoaingo Auñamendi taldeko Zabalzatarrek lortu zuten garaipena, Etxarri Aranazko Gure Pilotako Gaintzarain eta Beltza 30-22 menderatuta. 

Kadete mailako finala izan zen estuagoa. Iruñeko Donibane taldeko Iribarren eta Guerra izan ziren garaile, Gure Pilotako Camposen eta Garmendiaren kontra (30-28).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!