Konpartitutako milaka ordu, ehunka barre algara eta beste horrenbeste solasaldi gogorren ondoren, abenduaren 20an itxi zituen bere ateak Hernaniko Gaztelekuak, Udalak abiatutako hausnarketa prozesuari bidea egiteko. Azkeneko asteak ez ziren errazak izan bertako hezitzaileentzat, eta «sekulako penarekin» utzi zuten zerbitzua Esther Navajasek, Ixone Aiestaranek, Xabat Uraldek eta Uxue Iglesiasek: «Nerabe batzuentzat, Gaztelekua da daukaten espazio seguru bakarra. Oso adin tarte gogorra da, gatazka asko dauzkate, eta nora joan ez daukatela geratu dira».
Zentzu horretan, Gaztelekuaren garrantzia azpimarratu dute: «Nerabe batzuek beste behar mota batzuk dauzkate. Agian ez daukate baliabide ekonomikorik eskolaz kanpoko jardueretara joateko, edo igerilekura. Gure ekintza guztiak izan dira doakoak, eta batzuk 16 urterekin joan dira aurrenekoz Costa Jumpera, gurekin. 10 euro dira, baina haien etxean ezin zuten ordaindu». Badira, era berean, etxean «oso oso egoera zailak» dauzkatenak, eta Gaztelekua zuten kontu horietaz hitz egiteko eta irekitzeko leku bakarra. «Etxean egon baino, nahiago zuten hiru ordu Gaztelekuan pasa, eserita eta lasai, etxean ez zeudelako lasai».
«Gaztelekura joan ez denak, ezin du jakin nolakoak ziren arratsaldeak bertan»
Urte hauetan guztietan egindako lanarekin «pozik eta oso lasai» daude hezitzaileak: «Geneuzkan baliabideekin, egin dugu ahal izan dugun onena. Badakigu zenbat neraberi lagundu diegun. Gaztelekura joan ez denak, ezin du jakin nolakoak ziren arratsaldeak bertan. Balorazioa kopuru hutsetara mugatuz gero, badirudi arratsalde batean 10 nerabe joan izana gutxi dela. Baina nerabe horiek egon zitezkeen hiru orduz bertan, eta oso arratsalde gogorra pasa genezakeen beraien kontuetaz hitz egiten. Eta hori ez da baloratzen. Zifrak bakarrik begiratzen dira, eta nerabeak pertsonak dira».
Garbi daukate Gaztelekua ez dela izan «aisialdirako espazio bat soilik», prebentzio eta heziketa lan haundia ere egin dutelako bertan: «Ikusi dugunean batenbat bide txarrak hartzen, oso gogor jokatu dugu eta ahal izan dugun guztia egin dugu berbideratzeko. Aholku akademikoak, substantzien kontsumoa... Denetik landu dugu Gaztelekuan. Institutuan gertatzen ari ziren kontuen berri ere izan dugu Gaztelekuan, eta guk eman izan dugu abixua Institutura, arazoari heltzeko. Merienda osasungarriak egiten ere hasi ginen, nerabe batzuek ez zutelako bazkaltzen; aurreko eguneko afaritik zeuden ezer jan gabe. Eta meriendaren aitzakin hasi ginen haiei jatekoa ematen. Sobratzen zena, behar gehien zeukanari ematen genion. Esan izan digute, 'gaur ez neukan zer afaldu, eta orain badaukat'. Kontu gogorrak bizitu ditugu, baina gu bakarrik gara horren jakitun».
Egoera zail horietan, nerabeen konfiantzazko helduak izan dira Gaztelekuko hezitzaileak: «Lagun bezala hartu gaituzte, baina errespetu haundiz, gure heldutasunagatik. Gauza pila bat kontatu dizkigute, ireki egin dira gurekin. Bazekiten guri edozer kontatzeko aukera zeukatela, baita astakeri bat egin bazuten ere. Eta guk badakigu asko lagundu diegula, eskerrak ematera etortzen direlako. Zerbait ondo egingo genuen, 20 urterekin ere askotan etorri direnean gu agurtzera. Nerabeen inguruan aurreiritzi haundiak daude. Oso etapa zaila da denontzat, baina oso esker onekoak dira».
Elkarrekin hainbeste ordu pasata, «gure seme-alabak balira bezala» ezagutzen dituzte nerabeak: «Atetik sartu, eta bagenekien zeinek zeukan egun txarra, ezertxo ere esan gabe». Baina egun onak ere zientoka izan dira: «Oso harreman ona izan dugu guztion artean, eta primeran pasa dugu nerabeekin. Ekintza bakoitza gozatu dugu beraiek bezainbeste edo gehiago». Horregatik, oso eskertuta daude bertatik pasa diren nerabe eta hezitzaile guztiekin. «Posible izan banu, beste 40 urtez jarraituko nuen Gaztelekuan», dio Aiestaranek.
«Beste modu batera egin zitekeen»
Gaztelekuaren itxieraren harira, kontatu dute nerabe batzuk hezitzaileengatik kezkatu direla: «Orain zer egingo dugun galdetzen ziguten. Tira, guk topatuko dugu beste lanbide bat, baina zuek? Zer gertatuko da orain zuekin? Beraiengatik borrokatu nahi genuen Gaztelekuaren alde, eta espero genuen azkeneko gauza zen Gaztelekua modu horretan uztea. Beste modu batera egin zitekeen».
Horren harira, itxiera prozesua beraiek nola bizitu duten kontatu dute: «Gure konbenioa aldatu egin zen, eta Ukrainako gerraren ondorioz, KPIa ere asko igo zen. Horrela, guk ezin genituen soldatak ordaindu aurreko lizitazioaren diru partidarekin. Orduan, aurreko udal teknikariari eskatu genion lizitazio berria ateratzea, eta hala egingo zutela esan zigun, 2025etik aurrera lizitazio berriarekin hasteko. Baina teknikari aldaketa izan zen, eta epeekin larri zebiltzanez, erabaki zuten aurreko lizitazioarekin jarraitzera behartzea beste urtebetez, eta aukera eman ziguten zerbitzuaren ordu kopurua murrizteko, soldatak ordaindu ahal izateko. Horrela, igande askotan itxi behar izan dugu, astebete beranduago hasi... Nerabeen kaltetan izan da».
2026ari begira atera nahi zuen lizitazio berria Udalak, «baina zerbitzuari ordu asko kenduta, ez zutelako diru partida haunditu nahi. Gurea enpresa txikia da, Urburu aisialdi elkartea; eta baldintza horietan ezin genuen jarraitu. Ez dugu Gaztelekua utzi nekatuta gaudelako». Hori horrela, azaldu dute Udala jakitun zela beste enpresarik ez zela aurkeztuko: «Horregatik, argudiatu dute aisialdia aldatu egin dela eta beste behar batzuk dauzkatela nerabeek, eta erabaki dute Gaztelekua itxi eta hausnarketa prozesu bat hastea. Baina hausnarketa prozesua egin zitekeen azkeneko urte honetan ere, Gaztelekua martxan zegoela, zerbitzua eten gabe. Ez dakigu zer gertatuko den aurrerantzean».