Porrot mingarria jaso zuen Hernanik, aurreko asteburuan, Fenixen zelaian galduta (33-14). Baina trikoloreek egoera onean jarraitzen dute Ohorezko Elite Mailan, sailkapeneko bigarren; eta kolpeari azkar eman nahi diote buelta. Helburu horrekin ariko dira bihar Valentzian, Les Abellesen kontra. Eguerdiko 12:00etan izango da, Quatre Carreresen.
Ligako 10garren jardunaldia dago jokoan, eta irabazi beharreko partidua daukate trikoloreek, igoerako play offera sailkatzeko helburuari begira. Sailkapenaren beheko aldean dago talde valentziarra, soilik bi partidu irabazita; eta aurreko asteko porrota gorabehera, sasoi puntu bikainean dira hernaniarrak.
Denboraldiko garai honetan sendotu behar du bere posizioa Hernanik, sailkapenaren erditik beherako taldeak izango baititu aurrez aurre: Pozuelo eta RC Valencia bisitari datozen bi asteotan, eta Pasek Belenosen zelaian hurrengoan. Ahalik eta puntu gehien pilatu beharko du lau partidu hauetan, kontrario zuzenen aurka aritu aurretik, ligako fase erabakigarrian.