Martxan da Buruz Buruko Masters Txapelketa, eta momentuz, Josetxo Ezkurra da bidea urratzen ari dena. Doneztebarrak 30-27 gainditu zuen Kemen Aldabe, joan den larunbateko kanporaketan. Intentsitate haundia eta peloteo luzeak izan zituen partiduak, eta sakeari eta tantoak bukatzeko erraztasunari esker nagusitu zen Ezkurra. Hori horrela, bigarren kanporaketa jokatuko du bihar, Xabier Azpirozen kontra. Arratsaldeko 16:30etan hasiko da jaialdia Galarretan, eta maila haundiko partidua espero da. Irabazleak Imanol Ansa izango du zain, urtarrilaren 31n, azkeneko kanporaketa jokatzeko. Horrekin geratuko da osatuta semifinaletako ligaxka, Endika Barrenetxearekin eta Aritz Juanenearekin batera.