Euskal Ligan aritu ziren, aurreko denboraldian, Hernaniko eskubaloi taldeko mutil jubenilak eta kadeteak. Eta horretara bueltatu nahi dute datorren denboraldiari begira. Bide luzea daukate aurretik, ordea, eta gaur emango diote hasiera. Izan ere, hiru eguneko ligaxka jokatuko dute mutil kadeteek, igandera bitarte. B multzoan ariko dira, beste hiru talderekin batera; eta hiru onenen artean sailkatuz gero, Euskal Ligako taldeekin batera jokatuko dute denboraldiaren bigarren zatia. Hurrengo fase horretako talde onenek ekingo diote 2026-2027 denboraldiari Euskal Ligan.
Gaurkoan, Donostiako Bidebietan jokatuko dute hernaniarrek, Muskizen kontra, iluntzeko 19:00etan hasita. Ligaxkako beste bi partiduak Pasai Donibanen jokatuko dituzte: bihar 18:15etan, Sestao Trapagaranen kontra; eta etzi 11:30etan, Bera Bera Donibaneren kontra.