Arlo asko landuko ditu Jabetze Eskolak, udaberrirako prestatu duen programaren baitan. Ohikoak diren abentura kirolen saioak prestatu dituzte, Arabara asteburupasa barne; eta segida emango diete udazkenean hasitako dantza tailerrei ere: 'twerk'arekin lotutako bi ikastaro, eta «gerriak eta bihotzak mugitzeko» beste proposamen bat.
Baina bada berritasunik ere, egun bakarreko saioetan. Batetik, hilekoari buruzko tailerra eskainiko dute, bi egun ezberdinetan, 10-14 urte bitarteko neska gaztetxoei zuzenduta. Eta bestetik, umore tailer bat ere prestatu dute, ikuspegi feministatik.
Ikastaro guztietan, zabalik dago izenematea, otsailaren 1era arte, internet bidez: hernani.eus/emakumeentzako-jabetze-eskola webgunean egin behar da, baina laguntza behar izanez gero Kulturarteko Plaza Feministara jo daiteke. Gainera, ekainaren 5erako Jabetze Eskolaren festa iragarri dute, tailerretan parte hartu duten emakume guztien topaleku gisa.
JABETZE ESKOLA
Kulturarteko Plaza Feministan
'Barrez malkotan', umore tailerra ikuspegi feministatik. Beatriz Egizabalen eta Paki Caballeroren eskutik. Apirilak 18, 10:00-14:00.
DJ ikastaroa, Ostaizka Esteli Serraren eskutik. Apirilaren 14tik maiatzaren 19ra, astearteetan 18:30-20:30.
'Twerk' ikastaroa, Ikerne Mendietaren eskutik. Otsailak 28, martxoak 28, apirilak 25 eta maiatzak 9, 10:30-13:30.
'Twerk' sorkuntza tailerra, Ikerne Mendietaren eskutik. Maiatzak 30, eta ekainaren 5ean festa.
'Mugi ditzagun gure herri eta bihotzak', Jenny Perlazaren eskutik. Otsailaren 13tik maiatzaren 29ra, ostiraletan 17:00-18:00.
'Hilekoaren zikloaz elkarrekin ikasten', 10-14 urteko neskentzat. Ione F. Zabaletaren eta Enara I. Dominguezen eskutik. Otsailak 28 eta martxoak 14, 11:00-13:00.
'Abentura gaitezen, elkarrekin!', abentura kirolen asteburupasa Araban. Itxaso Etxaberen eta Idoia Tapiaren eskutik. Maiatzak 16 eta 17.
Mendi orientazio ikastaroa, Patri Espinarren eskutik. Maiatzak 22 (17:00-20:30), eta maiatzak 23, 30 eta 31 (09:30-13:30).