‘Ijitoen bizierak’ izeneko erakusketa ikusgai dago Biteri Kultur Etxean, Juantxo Egaña argazkilariaren argazkiekin osatutako ijitoen historiaren kontakizuna. Ijito Herria XV. mendean iritsi zen Iberiar penintsulara, eta Euskal Herrian kokatzen duen lehen erregistroa 1435ekoa, Nafarroan, Santiago de Compostelara bidean aterpe hartu zutenekoa. Gipuzkoan, ijito bat aipatzen duen testurik zaharrena 1510ekoa da. Ordutik, herri honen historia ez da batere xamurra izan. XVI. mendetik aurrera, espainiar erresumako leku ezberdinetan, Gipuzkoan bertan adibidez, lege eta dekretu ezberdinak ezarri ziren ijitoak kontrolatu eta baztertzeko. Hala ere, Ijito Herriak gaur arte iraun du «merkataritza ibiltarian eta objektuen konponketan arituz, eta ospakizun eta adierazpen kultural tradizionaletan parte hartuz».
Jazarpen historia ilun bat
Ijito Herria Euskal Herrira iritsi zenetik lurralde guztietan hartu ziren beren kontrako neurriak. «XVI. eta XVII. mendeen artean, ijito batek ez zuen ijitoa zenik esaten, legeek gogor zigortzen baitzuten halakoa izatea. Espainiako erresumetan, 250 dekretu baino gehiago eman zituzten ijitoak ‘gizartean murrizteko’, 1499 eta 1783 artean». Bereziki gogorrak izan ziren euskal lurraldeetan hartutako neurriak; izan ere, euskal probintzietan finkatzea galarazi nahi zitzaien, eta hainbat kasutan kanporatuak izatea.
Fernando VI.aren agintaldian nabarmen gogortu zen ijitoen kontrako jazarpena, gertakari esanguratsuena izanik 1749ko Sarekada Handia. Milaka ijito atxilotu zituzten Ensenadako Markesaren politika jarraituz, eta sexuaren arabera banandu zituzten: «Gizonak armategietan lan egitera bidali zituzten, eta emakumeak eta haurrak giltzapean sartu zituzten. Ezusteko operazio horrek arazo logistiko larriak sortu zituen, eta atxilotuen ondasunak saldu zituzten gastuak ordaintzeko. Kontrol handia zegoen arren, askok ihes egitea lortu zuten». Karlos III.aren erregealdian, jazarpen hori baretu eta atxilotutako ijitoak askatzeko agindua eman zuten.
Iparraldean, bestalde, 1802an eman zen Raffle delako gertakaria, Frantziako administrazioak Ipar Euskal Herrian gauzatu zuen Ijito Herriaren kontrako sarekada. «Frantziako prefetak eskatuta, Nafarroako eta Gipuzkoako agintariak lankidetzan aritu ziren ijitoek mugatik ihes egin ez zezaten. Operazioa 1802ko abenduaren 6tik 7rako goizaldean egin zen, eta 475 pertsona harrapatu zituzten. Napoleonen Frantzia osoan, Euskal Herrian soilik egin zen halako maniobra handia».
Ijitoen mundua kulturan
Erakusketak, ijitoek euskal kulturarekin izandako harremana edota euskal kulturak mendeetan zehar nola jaso dituen ere kontatzen du. Ijitoen kulturak arrastoa utzi du Europa osoko arte espresioetan, «nahiz eta, batzuetan, haien presentzia lausotuta agertzen den ohiko genero batzuetan, hala nola erlijiosoan edo paisaian. Bereziki interesgarria da XIX. mendeaz geroztik hartzen duen garrantzia autonomia osoko gai gisa». Modu ezberdinean erretratatuak izan dira artean, «bizitza normalizatu baten eta beste nomada baten arteko aurkakotasunak, hain zuzen ere araurik gabeko bizitza gisa ulertuta, berekin zekarrenaren mitifikazioa ekarri zuen: pintore askok maiz ekarri zituzten alderdiak izan ziren hemendik hara ibiltzea ingurune naturalekiko harreman estuan, konbentzioen aurreko axolagabetasuna, janzkeraren berezitasuna eta arraza-exotismoa». Kontrara, pikareska edo «esplizituki, ebasketa» bezalako gaiak ere lotu dira ijitoen irudiarekin.
Euskal artisten hainbat adibide aipatzen dira erakusketan. Ezagunak dira, esaterako, Felix Arteta margolariaren ‘lapur’ karikaturak, baserriko oiloen lapurreten eszenak sortu baitzituen. Umorea helburu egiten zituzten halako desitxuraketak, baina «beste askok errespetuzko hurbilketa baten alde egin zuten, hala nola Ignacio Zuloaga eta Manuel Losada lagunek». Horiez gain, Francisco Iturrino eta Juan de Echevarria artistak ere aipatzen dira. Hauentzat, «abangoardiako artista asko bezala, kultura primitiboen erreskateaz kezkatuta, ijitoa zera bihurtzen da: antzinako atributu batzuen biziraupenaren paradigma mundu modernoan». Kasu berezi bat ere aipatzen da, María Paz Jiménezena. Ijito-familia batean jaioa XX. mendearen hasieran, «abstrakzio informalista eta espazialistaren ordezkari aparta bihurtu aurretik, margolari honek emakume ijitoak eta flamenkoaren mundua irudikatu zituen bere etapa figuratiboan, itxuraz 'naif' ziren baina sinbolismoz betetako konposizioetan».
Ezin dira aipatu gabe utzi Inauteriak. Kaldereroek iragartzen dituzte XIX. mendetik, eta metalezko tresnak konpontzen zituzten Balkanetako ijitoak irudikatzen dira bertan. Gaur egun, ordea, ijito herria ez dago jokabide horiekin ados, «haientzat 'blackface' delakoaren antzekoak baitira (antzerkiaren munduan pertsona beltzak karikaturizatzeko pertsona zuriek aurpegia margotzen zutenean jaiotako jokabidea)». Ipar Euskal Herriko maskaradetan ere ijitoek inspiratutako pertsonaiak ateratzen dira: buhameak eta kauterak, baita ere, Ziburuko eta Donibane Lohitzuneko kaskarotak. Kasu hauetan, «ijitoen irudiak poza, kolorea eta askatasuna helarazten ditu, baina baita pobrezia eta bazterkeria ere; hala, agerian geratzen dira euskal gizartean dauden estereotipo kontraesankorrak eta aurreiritziak».
Urtarrilaren 30era arte ikusgai
Ijito Herriaren historia luzea, iluna eta anitza da Euskal Herrian, eta gaur egun ez daude iraganeko estereotipo eta aurreiritzietatik salbu. Gaur egungo ahotsak ere jaso nahi izan ditu Juantxo Egañaren lan honek, azpimarratuz zein garrantzia izan duen ijito herriak euskal gizartearen eraketan, «ia 600 urteko historia partekatu baitute». Hilaren 30era arte egongo da ikusgai erakusketa, Euskal Ijito Herriaren historia ezagutzeko.