Ekin dio denboraldiari Hernaniko Arraun Elkarteak, eta batelen lehiarekin hasi du urtea, ohi bezala. Oraingoz, infantil eta kadete mailako arraunlariak bakarrik ari dira lehian, neska jubenilak eta seniorrak traineru denboraldiko prestaketekin baitaude murgilduta buru-belarri.
«Primeran» ekin diote arraunlari gazteenek Gipuzkoako Batel Ligari, haien entrenatzaileek nabarmendu dutenez. «Arraunlari askorentzat lehenengo estropadak izateko, oso ondo aritu dira. Oso gustura gaude lortu dituzten emaitzekin», diote Maialen Aizkorbek, Axier Martinek eta Erik Gonzalezek: «Arraunlariak urduriago egongo zirela uste genuen, baina ez da horrela izan. Ederki lehiatu dira», nabarmendu dute.
Kadete mailako neskek oso emaitza politak lortu dituzte aurreneko bi estropadetan. Estreinakoan laugarren izan ziren Orion, 20 ontziren artean, eta ehuneko gutxira izan zuten hirugarrena. Bigarren jardunaldian, berriz, seigarren sailkatu ziren Pasai Donibaneko badian.
Aipagarriak dira neska infantilek lortutako emaitzak ere, arraunlari guztiak baitira aurreneko urtekoak. Orion zazpigarren izan ziren, 17 ontziren artean; eta seigarren sailkatu ziren Pasaian.
Eta mistoa da Hernanik infantiletan uretaratu duen beste batela, mutilen kategorian lehiatzen ari dena. Orion laugarren izan ziren, «espero baino hobeto» aritu eta «estropada osoan oso txukun arraun eginda». Pasai Donibanen, berriz, seigarren postua lortu zuten.
Hurrengo estropada, larunbatean Pasaian bertan
Larunbat honetan izango dute hirugarren jardunaldiko estropada batelek, Pasaian bertan. Denera 11 jardunaldi izango ditu Gipuzkoako Batel Ligak, eta martxoaren 21era arte luzatuko da, astero estropada bana jokatuta, martxoaren 14an eta 15ean izango duten jardunaldi bikoitza izan ezik.
Horren ondoren, Gipuzkoako Batel Txapelketa jokatuko dute: martxoaren 28an sailkatze estropada, eta 29an finalak.