Aspaldi ziren trikoloreak partidu bat burumakur bukatu gabeak, baina halaxe bueltatuko dira Zaragozatik, gaurkoan: porrot mingarria jaso du Hernanik Fenixen kontra (33-14), Ohorezko Elite Mailako bederatzigarrenean.
Momentu askotan, Aragoikoen defentsa zulatu ezinik aritu dira trikoloreak, bereziki bandako sakeetan huts gehiegi eginda, partiduaren aurreneko 20 minutuetan. Zaragozarrak, kontrara, min egiteko gai izan dira paseak kateatzeko gai izan direnean, eta entsaio eta zigor kolpe banarekin hartu dute aurrea (8-0).
Fenixen aurreneko kolpeei erantzuteko gai izan dira hernaniarrak, aurreneko zatiaren erdialdera, beraien jokoa egitea lortu dutenean. Blokea trinkotu du Hernanik, elkarren gertuago aritu eta pixkanaka aurrera eginda. Horiek izan dira trikoloreen minuturik onenak, eta bi entsaiorekin, aurrea hartzea ere lortu dute (8-14): aurrenekoa, pazientziaz landutako jokaldiaren ondoren, Anartz Elosegiren ostiko laburra Beñat Arizetak marraren bestaldean jasota; eta bigarrena, Fenixen akats bat baliatuz, bandako sake bati segida azkarra emanda, Jokin Olearen korrikaldiarekin.
Hernaniren joko bolada ona azkar eten du Fenixek, ordea: maul ona osatuta entsaioa lortu, eta markagailuan aurretik joan da atsedenera (15-14). Aldageletatik bueltakoa are gogorragoa izan da, bigarren zatiaren hasierak kondenatu baitu Hernani: zigor kolpe bat jaso du aurrena (18-14), eta Beñat Iradi 20 minuturako kaleratu du epaileak segidan, ustez lurrean zegoen kontrario bati eraso egiteagatik. Hortik aurrera, nahi eta ezina izan da trikoloreentzat, eta Shackleyren entsaioarekin eta Sieperen zigor kolpearekin, kolpe gogorra jaso dute (26-14).
Gainera, partidua nahastu egin da, eta liskar potoloa izan da 68garren minutuan, Fenixen beste entsaio baten ondoren, azkenean epaileak baliogabetu duena. Liskarraren ondorioz, beste hiru txartel gorri erakutsi ditu epaileak: behin betiko kaleratu ditu Xabier Lukas eta Benjamin Siepe (Fenix), eta 20 minuturako Emilio Orlando Brizuela (Fenix). Edonola ere, Fenix izan da laugarren entsaioa lortu duena, partidua erabakita uzteko.
Gaurko partiduarekin batera, lidertza ere galdu dezakete hernaniarrek bihar, Sant Cugaten mesedetan. Gernikaren zelaian ariko da talde kataluniarra, sailkapenean Hernani baino puntu bat gutxiagorekin dagoena.
FENIX 33-14 HERNANI
Markagailua: 13.min: Entsaioa, Shackleyk (5-0). 19.min: Zigor kolpea, Siepek (8-0). 28.min: Entsaioa Arizetak, gauzatzea Arizetak (8-7). 32.min: Entsaioa Oleak, gauzatzea Arizetak (8-14). 38.min: Entsaioa Romanek, gauzatzea Siepek (15-14). 45.min: Zigor kolpea, Siepek (18-14). 53.min: Entsaioa, Shackleyk (23-14). 60.min: Zigor kolpea, Siepek (26-14). 77.min: Entsaioa Rivasek, gauzatzea Riverok (33-14).
Fenix: Castello, Roman, Soria; Carrascosa, James; Sevil, Abadia, Martin; Siepe, Rivero, Shackley, Rivas, Castex, Fernandez eta Raam. Aulkitik: Gerez, Eghobamien, Brizuela, Martinez, Sanchez, Bolea, Rodriguez eta Naji-Junior El Gourch.
Hernani: Infante, Etxarri, Iradi; Larrarte, Abecia; Diaz de Mendibil, Eizmendi, Lukas; Miner, Elosegi, Gonzalez, Burugain, Arizeta, Rivas eta Olea. Aulkitik: Goikoetxea, Arratibel, Unzue, X.Garmendia, Zapiain, Olivenza, Gorrotxategi eta H.Garmendia.