Hernanin bertso saio herrikoirik bada, Tabernetako Bertsolari Txapelketa izaten da hori, Garin Herriko Tabernan jokatzen dena. Bertso eskolan dabiltzanak zein lagunartean bertsotan aritzen direnak, gazteak eta beteranoak, denetarik elkartzen dira bertan, eta gogotik gozatzen du publikoak, umoretik dezente izaten duen gauean.
Ba aurtengoa ere gainean da, eta bihar iluntzean jokatuko da, urtero bezala, San Sebastian bezperan. 19:00etan jarri dute bertsoei ekiteko ordua.
Partehartzaile zerrenda hasi da osatzen, eta dagoeneko apuntatuta daude 10 lagun: 'Oxan', 'Xapo', Xabat, 'Azpittiki', Iñigo, 'Txuriyattiki', Joana Tolaretxipi, Oibar, Joseba eta Harri. Edonola ere, izenematea zabalik egongo da txapelketa hasi baino bost minutu lehenago arte. Beraz, parte hartu nahi duena garaiz dabil oraindik.
Mota guztietako ariketak osatu beharko dituzte bertsolariek, txapelketaren faseetan aurrera egin ahala. Ohiko ariketak izango dituzte, koplak, puntu erantzunak edota ofizioak, besteak beste; baina jolas xelebreren bat ere proposatuko diete.
Joan den urtean Xabat Pagolak jantzitako txapela dago jokoan, txapelketaren 31garren edizio honetan. Partehartzaileen artean izango da Pagola bera ere, txapela defendatzeko asmoz. Baina ez diote lan erraza jarriko gainerakoek. Lehenago txapeldun izandakoak eta sorpresa ematera datozenak izango ditu aurrez aurre.