Ireki da Hernaniko Antziola eta Sagastialdeko udal baratzetan izena emateko epea. Orain arteko esleipenak iraungita, esleipen berriak egingo ditu Udalak, eta otsailaren 3a arte dago eskaera egiteko aukera.
Bi modutara eman daiteke izena, batetik, Herritarren Harrera Zerbitzuan bertan eta bestetik, online bidez, www.hernani.eus webgunean.
Hernaniko Antziola eta Sagastialdeko auzoetan kokatzen dira udal baratza hauek. Orotara 70 partzelek osatzen dute baratza parkea, eta horiexek jarriko dira herritarren esku. 24 Antziolan kokatzen dira eta gainerako 46ak Sagastialden. Lau urterako esleituko ditu partzelak Udalak. Lehenengo urteko tarifa 100 eurokoa izango da eta hurrengokoa KPIaren arabera egokituko dela aurreratu du Udalak.
Bestalde, orain arte partzelaren bat baliatu duten herritarrek ere izango dute aukera esleipenean parte hartzekoa.
Halaber, izena ematen duen pertsona Hernanin erroldatua egotea derrigorrezkoa izango da.
Behin epea amaituta, zozketa publiko bidez esleituko dira baratzeak. Eskatzaile gehiago badira baratzeak baino, itxaron-zerrenda ere osatuko du Udalak.