Autobus pribatuek erreserba egin beharko dute Hernanin aparkatzeko

Libe Murua Masid 2026ko urtarrilaren 17a

60 autobus pribaturentzako tokia egokitu du Udalak.

Iaz iragarri zuten neurria eta datorren larunbatean jarriko dute martxan. Erreserbak egiteko aukera dago dagoeneko, www.hernani.eus webgunean edota aparkalekuerreserba.hernani.eus helbidean sartuta.

«Txotx garaiko kudeaketa hobetzeko» iragarri zuen Hernaniko Udalak iazko abenduan neurria: 2026ko txotx garaiko larunbatetan Hernanira datozen autobus pribatuek tokia erreserbatu beharko dute. Datorren larunbatean jarriko da martxan neurria baina, dagoeneko autobusek erreserba egiteko aukera dute, Udalaren www.hernani.eus webgunean edota zuzenean aparkalekuerreserba.hernani.eus helbidera sartuta. 

Maiatzaren 9ra arte autobus pribatuek derrigor erreserbatu beharko dute beraien lekua aparkatzeko eta bidaiariak utzi eta jasotzeko. Hernanira datozen autobusek Ibaiondo industrialdean aparkatu beharko dute, Udalak espresuki beraientzat egokitutako eremu kontrolatuan. 60 autobus pribaturi zerbitzua emango dion eremua izango da, eta «guztiz debekatua dago autobusak geratzea, aparkatzea eta zirkulatzea Ibaiondo industrialdean egokitutako eremutik kanpo», azpimarratu du Udalak. 

Aitzitik, neurria berria denez eta froga fasean dagoenez bai sistema zein antolaketa, lehenengo hiru larunbatetan (urtarrilak 24, 31 eta otsailak 7) doakoa izango da aparkatzea. Hori bai, erreserba derrigor egin beharko da. 

 

Kudeaketa hobetzeko  «ekintza-plan integrala»

Neurri hau ekintza-plan integral baten barruan kokatu du Udalak. Izan ere, txotx-garaia ekitaldi jendetsua bihurtu denetik, denboraldiak irauten duen denboran hamarnaka arazo izaten dira herrian. Halaber, hernaniar askok bizimodua normaltasunez eramateko zailtasunak sentitu dituztela azaldu du Udalak: «Euskal tradizioek berriz indarra hartu zutenean, eta bereziki 80ko hamarkadatik aurrera, jai herrikoi gisa bizi izan da txotx-garaia. Hernanin, ekitaldi jendetsua bihurtzen hasi zen duela hamar urte inguru, espazio publikoaren kudeaketan eta herriko bizikidetzan eraginez: hernaniar askok eguneroko bizimodua normaltasunez aurrera eramateko zailtasunak sentitzen baitituzte».

Udalaren helburua denboraldian herriko erdigunean ematen den mugimendua antolatzea eta hernaniarrek espazio publikoa berreskuratzean datza. Horretarako garatu dute «ekintza-plan integrala», zeinak Udalaren iritziz, erabilera publikoaren kudeaketa eta garapen jasangarria bultzatuko duen. 

Plan integralak ikuspegi globala duela azaldu du Udalak: «Jarduera ekonomikoaren eta bertako herritarren ongizatearen arteko oreka bilatuz eta, bertako kulturaren eta sagardoari lotutako identitate-elementuen zaintza eta sustapena lantzeko xedez». 

Neurri honekin, mugikortasunean sortzen diren arazoak saihestu nahi ditu Udalak. Hernanin ez zegoen autobus andana hori behar bezala antolatzeko aparkalekurik, horregatik egin da aparkaleku-parkearen berrantolaketa, «Hernanira autobus pribatuetan datozenek modu ziur eta antolatuan egin dezaten bisita». 

 

60 autobusentzako  tokia egokitu da

Udalak Ibaiondo industrialdean 60 autobusentzako tokia egokitu du. Aparkatzeko erreserba egitean, tasa bat ordaindu beharko dute autobus enpresa pribatuek: 9-34 plaza arteko autobusek 60 euro eta, autobus haundiek (35 plazatik gora) 100 euro. Behin erreserba eginda, bezpera arte egokitu ahal izango da eta astebete lehenagora arte ezeztatu. 

Erreserba eta tarifa hauek Hernanira etorriko diren autobusei dagokie, eta soilik jendea deskargatzea, jasotzea eta aparkatzea ahalbidetuko du erreserbak. Sagardotegian otordua erreserbatzeko, sagardotegiekin egin beharko dute bisitariek harremana. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!