Kirol Herriren final haundia jokatuko da bihar Hernanin, denboraldiko talde txapelduna erabakitzeko

Libe Murua Masid 2026ko urtarrilaren 16a

Herri kirol saio berezia izango da biharkoa, Atsegindegin.

Sustraiak elkarteak antolatuta, eta Hernaniko Udalaren laguntzaz ikuskizun publiko eta irekia egingo dute. Baina, ohiko herri kirolen dinamikatik bereiziko da, «ikuspegi garaikidetik berrinterpretatzen, talde mistoen aldeko apustua eginez, dinamika modernoekin eta eszenaratze batekin».

Bihar, larunbata, herri kirolen ikuskizun berezia izango da Hernaniko Atsegindegi plazan. Zipri Kirol Herriren final haundia jokatuko da, Sustraiak elkarteak antolatuta, Hernaniko Udalaren laguntzaz. Aizkoran eta harrijasotzen arituko dira goi-mailako kirolariz osatutako lau talde. Ikuskizun honetan, denboraldiko talde txapelduna erabakiko da.

Arratsaldeko 17:00etan hasi­ko da lehia, eta publikoa eta irekia izango da. Ekimenaren helburua da «kirola, kultura eta lurraldea lotzea»; baina badu Hernani Euskadiko aktibazio kultural eta kirolaren erreferente gisa kokatzeko helburua ere. 

 

Herri kirol formatu berritzailea 

Ohiko herri kirol formatutik bereiziz osatuko dute saioa. Horrela azaldu dute antolatzaileek: «Kirol Herri lehiaketa formatu berritzailea da, herri ikuspegi garaikidetik berrinterpretatzen dituena, talde mistoen aldeko apustua eginez, lehiaketa dinamika modernoekin eta ikus-entzuleentzako pentsatutako eszenaratze batekin». Baina, beti ere «euskal kirol tradizionalen funtsa galdu gabe».

 

«Azken uneraino emozioa bermatzeko diseinatutako formatua da»

Final haundi honetan, erabateko lehia eta zirrara ziurtatu dute antolatzaileek: «Arratsaldean zehar lehia bizi eta zirraragarria biziko da, azken uneraino emozioa bermatzeko diseinatutako formatuan».

Biharko saioan goi-mailako kirolariz osatutako lau taldek hartuko dute parte, «harrijasotzea eta aizkolaritza bezalako disziplinetan adituak, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun osoz».

Talde batean, Nerea Arruti, Hodei Ezpeleta, Gari Garmendia eta Maddi Gesalaga ariko dira. Beste batean, Uxue Ansorregi, Julen Alberdi, Patricia Martin eta Jon Gisasola. Karmele Gisasolak, Eneko Otañok, Beñat Telleriak eta Ainitze Zumetak osatuko dute hirugarren taldea. Eta, azkenik, Oihana Fernandez de Barrena, Mikel Larrañaga, Mikel Lopetegi eta Lierni Osa ariko dira laugarrenean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!