Bueltan da Endika Barrenetxea, etzi hasiko den Masters Txapelketarako

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko urtarrilaren 15a

Aurreneko prebia jokatuta, sei erremontista ariko dira Buruz Buruko Mastersean. Zazpi jaialdi izango ditu, otsailaren 28ko finalaren aurretik.

Bueltan da buruz buruko lehia Galarretara, eta bueltan da Endika Barrenetxea ere, txapelketetara. Etzi hasiko da Buruz Buruko Masters Txapelketa, eta partehartzaileen artean izango da hernaniarra, Binakakoan baja izan ondoren.

Indarberrituta dator aurten Mastersa, eta aurrekoetan baino nabarmen luzeagoa izango da. Dagoeneko jokatu da prebia bat, eta sei erremontista ariko dira txapelketan: Aritz Juanenea, Endika Barrenetxea, Imanol Ansa, Xabier Azpiroz, Josetxo Ezkurra eta Kemen Aldabe.

Prebian, Ezkurrak Iban Larrañaga menderatu zuen aste­artean (30-20), eta Aldaberen kontra jokatuko du larunbat honetan, 16:30etan hasita Galarretan. Beste bi kanporaketa ere izango dira: irabazlea Azpirozen kontra ariko da hilaren 24an, eta Ansa izango dute zain 31n. Azkeneko kanporaketa hori gainditzen duenak, ligaxka jokatuko du Juanenearekin eta Barrenetxearekin batera, otsailaren 7an, 14an eta 21ean. Hiruek elkarren kontra jokatu ondoren, ligaxkako bi onenek jokatuko dute finala, otsailaren 28an.

Ohiko puntuazio sistema baliatuko dute ligaxkan: irabazleak 4 puntu, eta galtzaileak 27-29 tanto eginda 2 puntu, 24-26 tanto eginda puntu bakarra, 17-23rekin punturik ez, eta 16 edo gutxiago eginda puntu negatiboa. Berdinketa izatekotan, bien arteko partidua irabazi duenak egingo du aurrera, eta hiruek berdinduz gero, tanteo orokarra hartuko da kontuan finalistak erabakitzeko.

Endika Barrenetxea, martxa berreskuratuta txapelaren bila

Bajatik bueltan aurreneko txapelketa izango du Barrenetxeak, baina martxa berreskuratu du hernaniarrak dagoeneko. Abenduaren 13an itzuli zen kantxara, eta bost partidu jokatu ditu binaka, emaitza politekin: hiru irabazi ditu, eta beste biak desenpatean galdu. 

Gauzak horrela, buruz buruko lehiara egokitu, eta saiatuko da Ansak azkeneko hiru edizioetan jantzitako txapela eskuratzen. Juaneneak, bere aldetik, Buruz Buruko Txapelketa irabazi zuenean emandako maila berretsi nahiko du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!