Dakapo abesbatzak kontzertu berezia eskainiko du bihar, udaletxeko aretoan

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko urtarrilaren 15a

«Azkeneko hilabeteotan mimo haundiz prestatutako errepertorio zabala» eskainiko du abesbatzak, iluntzeko 19:00etan hasita.

Kontzertu berezi batez gozatu nahi duenak, aukera polita izango du bihar iluntzean, Hernaniko udaletxean. Izan ere, halakoa da Dakapo abesbatzak eskainiko duen emanaldia, iragarri duenez: «Azkeneko hilabeteotan mimo haundiz prestatutako errepertorio zabala eskainiko dugu bertan», aurreratu dute abesbatzako kideek.

Iluntzeko 19:00etan hasiko da kontzertua, udaletxeko areto nagusian, eta bertaratzeko gonbitea luzatu diete herritarrei. Zortzi pieza eskainiko dituzte guztira. 'Haizeak dakar' abestiarekin ekingo diote, Xabier Sarasolarena, Tere Irastorzaren hitzekin. Sarasolaren 'O Sacrum Convivium' eta Albert Alcarazen 'Nunc dimitis' piezekin jarraituko dute, eta 'Ikusten duzu' herri doinuari Joan Batista Elizanburuk jarritako hitzak abestuko dituzte gero, Xabier Sarasolak moldatuta. Segida emango diote Eva Ugalderen 'Airea' abestiarekin (Josune Lopezen hitzak) eta Josu Elberdinen 'Beata es, Virgo Maria' piezarekin. Eva Ugalderen beste abesti bat ere eskainiko dute, 'Annabel Lee', Edgar Allan Poeren hitzekin. Eta kontzertua bukatzeko, Junkal Guerreroren 'Bi bihotz' abestuko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!