Hernaniko Korrika batzordeak hilaren 22an egingo du aurreneko bilera

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko urtarrilaren 14a

Ttarlako bi dantzari, lekukoarekin, 2024ko Korrikan.

Hurrengo ostegunerako jarri dute hitzordua, 18:00etan Hernaniko AEKn, eta eragileei zein herritarrei luzatu diete bertaratzeko deia.

Martxoaren 19an abiatuko da 24. Korrika Atharratzetik, eta 11 egunez zeharkatuko du Euskal Herria, hilaren 29an Bilbon bukatu aurretik. Bide horretan, Hernanitik eta Astigarragatik ere pasako da, hutsik egin gabe, martxoaren 24ko ordu txikietan.

Baina aurreneko pausoekin ez, lehenago hasi ohi da Korrikaren festa, eta halaxe izango da aurten ere. Hernanin, dagoeneko jakinarazi dute egitarau berezia prestatuko dutela Korrika iritsi aurreko egunetarako. Eta hori antolatzen hasteko unea iritsi da dagoeneko, bi hilabete falta direnean.

Horregatik, datorren asterako deitu dute Hernaniko Korrika batzordearen aurreneko bilera. Urtarrilaren 22an egingo dute, ostegunez, arratsaldeko 18:00etan hasita Hernaniko AEK euskalte­giaren egoitzan (Larramendi kalea 11, behea). Ekintzak antolatzeko gogotsu dauden eragileei zein herritarrei luzatu diete bilerara bertaratzeko deia.

Korrika Kulturalaren emanal­dietako bat dagoeneko iragarri dute: 'Kaka' antzezlanak Biterin egingo du bere azkeneko saioa. Martxoaren 26an izango da hori, iluntzeko 19:00etan hasita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!