Trantsizio ekosozialaren gaia landuko du Hernani Burujabek bi mahai-ingururekin, bi ikuspuntu jorratuz; bat lurraldetik, eta bestea udalerritik. Gaur izango da aurrenekoa Biterin, arratsaldeko 18:30etan. Hizlariak izango dira LABeko trantsizio ekosozialerako arduraduna den Martin Lallana, eta Goienerreko kidea den Josu Nevada. Moderatzaile lanetan, Ane Galarraga ariko da, Elhuyarreko zientzia komunikatzailea.
Bigarren mahai-ingurua urtarrilaren 28rako antolatu dute, hau ere Biterin, 18:30etan. Saio honetan, Euskal Herriko hainbat udalerrik trantsizio ekosozialerako diseinatutako plana ezagutzeko aukera eskainiko dute, ondorengo hizlariek: Xabi Igartua Oñatiko zinegotziak, Gurutze Etxezabal Orexako alkateak, Aitor Ossa Zumaiako Energia Estrategia 2020 txostenaren egileak eta Carlos Anaut Isabako alkateak. Mahai-inguru hau ere, Ane Galarragak dinamizatuko du.
Hernani Burujabek aitortu du, mahai-inguru zikloaren arduraduna dela Urumea bailaran eraiki asmo dituzten instalazio eolikoen gaia lantzeko sortu zen lantaldea: «Horregatik, energia berriztagarriak eta energia burujabetza ere izango dituzte hizpide hizlariek», azaldu dute.