Ai, ai, ai... Juantxo!

Beñi Agirre Oiartzabal 2026ko urtarrilaren 13a

Kronikan 2024ko ekainaren 17an 'Ez adarrik jo, mesedez' izenburuarekin argitaratutako gutunari aipamena egin dio Juantxo Morcillok, larunbatean Berrian kaleratutako elkarrizketa bate­an. Mila esker. Hala ere, aipamen hori guztiz testuingurutik kanpo dago. Elkarrizketaren hasieratik nabarmentzen da «XV. mendean, Gipuzkoak noblea eta leiala izendapena jaso zuela». Nork eman zion lelo hori erabiltzeko ohorea? Espainiako Enrike IV.a erregeak? Hortaz Espainiari zor zaio leialtasuna, ez beste inori.

Beste tarte batean esaten da «Bigarren Gerra Karlistan, ideia erreakzionarioen eta progresismoaren artean zen borroka. Progresismoak irabazi zuen, liberalen garaipenari esker». Hortaz, Karlistak 'erreakzionarioak' ziren eta liberalak 'progresistak'. Hala ere, Foruak ezabatu zituena Canovas del Castillo izan zen, espainiar nazionalismoaren ordezkari gorena, 1876ko uztailaren 21ean.

Ondoren, Juantxok dio «Karlistak gaur egungo Voxekoak bezalakoak zirela. Karlistek foruak ere kenduko zituzten irabazi izan balute». Nork daki? Hori berak esaten du. Baina ez adarrik jo, ez dute Voxekoek bakarrik nahi hori, Espainiari 'leialtasuna' eskatzen duten nazionalismoa espainiar guztiek baizik. Esaterako Vox, PP, PSOE, Sumar, Podemos (?)…

 

Beñi Agirre Oiartzabal

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!