Utzi bezala ekin dio Hernanik berriro, eta lider jarri da

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko urtarrilaren 13a

Trikoloreek 53-7 menderatu zuten Cisneros, eta Sant Cugaten berdinketa baliatu dute Ohorezko Elite Mailako aurreneko postura igotzeko.

Gozo-gozoa izan da urte hasiera Hernanirentzat, errugbiko Ohorezko Elite Mailan. Ez da erraza baieztapen hori egiten, larunbatean Landaren izan zen lokatz eta putzu festa ikusita... Baina joko baldintza zailenei aurre egin, Cisneros nagusitasun haundiz menderatu (53-7), eta ligako lidertza eskuratu dute trikoloreek. Izan ere, garaipena bakarrik ez, erasoko bonusa ere eskuratu zuen Hernanik, eta Sant Cugatek Las Rozasen kontra berdindu zuela (30-30) baliatu du aurreneko postura igotzeko: 30 punturekin dago Hernani, eta 29rekin Sant Cugat.

Duela ia bi hilabete utzi zuten bezalaxe ekin diote trikoloreek ligari, etenalditik bueltan. Zelai­ak jokoa gogotik zaildu arren, hasieratik erakutsi zuten bere nagusitasuna etxekoek, eta berehala hasi ziren entsaioak pilatzen: Xabier Lukasek bi lortu zituen aurreneko 10 minutuetan. Segidan egin zuen bere entsaio bakarra Cisnerosek, baina gainerakoan, entsaiorik ez, eta aukerarik ere apenas izan zuten madrildarrek. Ekimena eta eraginkortasuna trikoloreenak izan ziren erabat, atsedenaldirako ia ziurtatuta zeukaten garaipenari erasoko bonusa ere gehitzeko.

Aurreneko postuan kokatuta egingo dute Zaragozara bisita datorren larunbatean, sasoi betean dagoen talde bati aurre egiteko: azkeneko lau partiduak irabazi ditu Fenixek, eta sailkapeneko laugarren postura igo da horrela (24 puntu).

Hernani-Cisneros

53-7

Hernani: Arrillaga, Etxarri, Unzue; X.Garmendia, Abecia; Diaz de Mendibil, Eizmendi, Lukas; Miner, Elosegi, Gorrotxategi, Burugain, Arizeta, Rivas eta Olea. Aulkitik: Infante, Arratibel, Iradi, Larrarte, Zapiain, Olivenza, Gonzalez eta H.Garmendia.

Cisneros: Guillermo, Del Campo, Pipaon; Ayuso, Jones; Salvador, Goldspink, Podgaetzky; Flores, Gonzalez, Sanchez, Medina, Blanco, De Frutos eta M.Lopez. Aulkitik: Perez-Seoane, Perez, Riva, Elmeva, Leizaola, Molina eta F.Lopez.

Markagailua:

4. min: Entsaioa, Lukasek (5-0). 8. min: Entsaioa Lukasek, gauzatzea Arizetak (12-0). 12. min: Entsaioa Salvadorrek, gauzatzea Gonzalezek (12-7). 16. min: Entsaioa, Elosegik (17-7). 32. min: Entsaioa Elosegik, gauzatzea Arizetak (24-7). 40. min: Entsaioa, Lukasek (29-7). 44. min: Entsaioa, Arizetak (34-7). 48. min: Entsaioa Oleak, gauzatzea Arizetak (41-7). 73. min: Entsaioa, Arizetak (46-7). 77. min: Entsaioa Iradik, gauzatzea Arizetak (53-7).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!