Etxebizitza Behatokia jarriko dute martxan datorren astean, maizterrei zein etxejabeei zerbitzua emateko

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko urtarrilaren 13a

Ainara Atorrasagasti eta Iraitz Apeztegia, Burujabetzen Etxearen atarian.

Etxe hutsak mobilizatzea izango da lehentasuna, etxebizitzaren arloko laguntza eta bitartekaritza eskaintzearekin batera. Burujabetzen Etxean izango du bulegoa, eta aurkezpen irekia egingo dute ostiralean, arratsaldeko 18:00etan hasita.

Datorren astelehenean zabalduko ditu ateak Etxebizitza Behatokiak, Hernanin. Burujabetzen Etxean (Florida auzoa, 28) izango du bulegoa, eta bertan egingo diote arreta edozein maizter edo etxejaberi, etxebizitzarekin lotutako arazo eta kezkei konponbidea eman nahian, laguntzaile eta bitartekari gisa.

Atzo azaldu zituzten Etxebizitza Behatokiaren nondik norakoak, Ainara Atorrasagasti Hirigintza zinegotziak eta Iraitz Apeztegiak, Etxebizitza Behatokiko arduradun izango denak. Zerbitzua herritarrei aurkezteko, berriz, ostiral honetarako jarri dute hitzordua: aurkezpen ekitaldi irekia egingo dute Burujabetzen Etxean bertan, arratsaldeko 18:00etan hasita. Aurkezpenaren ondoren, mokadua ere izango da, eta interesa duen edozein herritar eta eragile gonbidatu dute bertaratzera.

Hortik aurrera, astelehen goizetan (10:00-13:00) eta asteazken arratsaldetan (15:00-18:00) egongo da Etxebizitza Behatokiaren bulegoa zabalik. Dena den, beste egun eta ordu batera ere moldatuko dira, aurrez hitzordua eskatuta: behatokia@hernaniburujabe.eus edo 943 33 70 19.

 

Etxebizitza hutsak 
mobilizatzea, lehentasuna

«Zerbitzu publiko-komunitarioa» izango da Etxebizitxa Behatokia, eta etxebizitzarekin lotutako kontsultak bideratu, aholkularitza eskaini eta etxebizitzaren arloko azterketak egingo ditu. Baina bada lehentasun nagusi bat, horren bitartez bideratu nahi dutena: etxe hutsak mobilizatzea. Atorrasagastik azaldu duenez, 779 etxebizitza daude erabilerarik gabe Hernanin. «Eremu tentsionatu izendapenak agerian utzi du gure herriak etxebizitzaren arloan bizi duen egoera larri eta konplexua. Horregatik, Etxebizitza Behatokiaren helburu nagusia izango da gure herrian etxebizitza eskubidea sustatu eta bermatzen laguntzea, eta etxe hutsen mobilizazioa bultzatzea».

Etxe hutsen harira, Hirigintza zinegotziak aurreratu du etxejabeekin «zuzeneko harremana» sustatuko duela Behatokiak, eta alokairu sozialaren inguruan dauden programen berri emango duela: «Hernanin etxebizitzaren bat hutsik duen oro artatzeko ere izango da Behatokia». Izan ere, etxejabeekin harremanetan jarrita, ohartu dira beldurra dela etxea ez alokatzeko arrazoi nagusietako bat. «Herritarren kezka eta beharrei erreparatuz, etxebizitza alokatzeaz arduratzen diren programen inguruko informazioa eskainiko da, eta bitartekaritza zerbitzua ere emango da».

Zentzu horretan, Udala datozen egunetan jarriko da harremanetan etxebizitza hutsen jabeekin, gutun bidez; eta gonbitea luzatuko die otsailaren 12an egingo duten bilera informatiborako: Etxebizitza Behatokia aurkeztu eta alokairu programei buruzko informazioa helaraziko diete bertan, 18:00etan udaletxeko areto nagusian. «Beldurrak kentzea da helburu nagusia».

Gainera, Atorrasagastik azaldu du urtarrilaren bukaeran jasoko duela Hernanik eremu tentsionatu izendapena ofizialki, eta etxe hutsei kanona aplikatzen hasiko direla: 10 euro metro karratuko, urtean. Kanona %10 haundituko da urtero.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!