«Herritarren behar eta nahiak ezagutzeko» galdetegia prestatu du Hernani Burujabek

Libe Murua Masid 2026ko urtarrilaren 11

«Galdetegia bost minututan betetzen da, beraz, herritarrei denboratxo hori eskatzera gatoz». Bi modutara bete daiteke formularioa: QR bidez edo hernaniburujabe.eus webgunean.

Herritarren iritzia jasotzeko galdetegia prestatu du Hernani Burujabek. Galdetegiaren bidez, «herritarren behar eta nahiak ezagutu» nahi dituztela argitu dute. Bost minututan betetzen den formularioa dela aurreratu dute, eta denbora hori eskatu nahi diete herritarrei. Bi modutara iritsi daiteke galdetegira: QR bidez edota hernaniburujabe.eus webgunea bisitatuta. Bestalde, Hernani Burujaberen sare sozialetan, Instagram eta X-en, ere zabaldu dute formularioa. 

«Herritarrak ahaldundu nahi ditugu»

Bizitzarako «ezinbestekoak» diren alor edo eremuetan «herritarrak ahaldundu» nahi dituztela azaldu du Hernani Burujabek. Herritarrek erabakitzeko aukera izatean berresten dira: «Beste batzuk, gehienetan negozio logika soil baten baitan, guregatik erabaki beharrean, herritarrak erabakitzea da gure helburua», diote. Ezinbestekotzat jotzen dituzten eremu horiek, «geroz eta gehiago eskubide bilakatzeko eta ez negozio huts», gehitu dute. 

Aipatzen dituzten eremu edo arlo horiek dira: elikadura, energia, zaintza, etxebizitza, bioaniztasuna, telekomunikazioa eta moneta sektorea.

«Gauzak aldatzekotan, denon artean aldatuko ditugu», diote.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!