Iaz tradizioa berreskuratuta, otsailaren 7rako iragarri du kaldereroen etorrera Elur Txori elkarteak

Libe Murua Masid 2026ko urtarrilaren 11

Iazko soka berdinari tiraka datoz Kaldereroak. Aurten txokolatadarako eta afarirako izena eman beharko da, elurtxori@gmail.com helbidera idatziz eta kopurua zehaztuz.

Urtebeteko geldialdiaren ostean, iaz berreskuratu zituen Elur Txorik kaldereroak. Zartagiak eskuan eta kantua ahoan, otsailaren 7an ospatuko da kaldereroen etorrera. Tradizioari gogotsu eusten jarraitzeko asmoa dute elkartekoek baina, aurten ere, herritarren parte hartzea «ezinbestekotza»' jo dute. 

Iazko eguna errepikatzeko gogoz, aurten ere antzeko plana antolatu dute. Hori bai, txokolatadarako edo afaltzeko izena ematea beharrezkoa izango da aurten. Horretarako elurtxori@gmail.com helbidera idatzi beharko da, izena eta kopurua zehaztuz. 

Aurtengoan ere, herrira gerturatzeko helburuarekin

Herrira eta herritarrengana gerturatzeko apustua egin zuen iaz elkarteak, baita asmatu ere. Giro ederra izan zen, eta jende berria ere animatu zen parte hartzera. Aurten soka berdinari tiraka, festa ederra antolatzea da asmoa, herriko haur, gazte zein helduekin batera. Beraz, adin guztietako herritarrak festan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte.

Gudarien Plazan elkartuko dira otsailaren 7an

Hungariako ijitoak balira bezala, Gudarien plazan elkartuko dira otsailaren 7an. Arratsaldeko 17:30etan jarri dute hitzordua, jantzita eta zartagiak astintzeko gogoz. Kalejira hasiko da orduan, herritik barrena.

Txarangak eta zartagi hotsek alaituko dituzte kaleak denbora luzez, eta ibilbidearen ostean, haurrentzako txokolatada egingo dute plazan.

Afaltzeko aukera ere izango du izena eman duenak. 20:30ean elkartuko dira mokadu bat jatera Elur Txorin. Afari girotua izango da eta herritar oro dago gonbidatua.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!