Saturrarango kartzelari buruzko dokumentala eskainiko dute 15ean

Andoni Rekondo Izagirre 2026ko urtarrilaren 10a

Saturrarango kartzela.

Hernani Errotzenek antolatu du proiekzioa. Biteriko aretoan izango da, arratsaldeko 19:00etan.

Hernani Errotzenek antolatuta, 'Saturraran 1938-1944, emakumeen kartzela' dokumentala proiektatuko dute urtarrilaren 15ean, arratsaldeko 19:00etan, Biteri Kultur Etxeko aretoan.

Dokumentalak Mutrikuko Saturraran hondartzaren aldamenean zegoen kartzelan izandako pasarteak biltzen ditu: «25 moja zeuden 1600 emakume inguru zaintzeko. Diziplina, gosea eta zigorra erabiltzen zituzten emakumeak esaneko bihurtzeko».

Saturrarango kartzelak martxan iraun zuen denboran emakume eta ume asko hil ziren, goseak edo gaixotasun batek erasanda: «Amak ahalegintzen ziren euren umeen gaixotasunak ahal zuten moduan zaintzen, baina ezina etortzen zenean erizaindegira eraman behar izaten zituzten...».

Hernani Errotzen elkarteko kideek «memoria ariketa» egiteko baliagarritzat jo dute dokumentala. eta Hernaniko herritar guztiei egin diete bertaratzeko deia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!