Hernaniko Udalak «elkartasunerako deia» luzatu diete Hernaniko familiei, Saharako haurrak udan etxean hartzera animatuz. Izan ere, aurtengo udan ere, Udalak berriro lagunduko dio Oporrak Bakean programari, ondorengo arrazoiagatik: «Saharako errefuxiatu guneetako haurrek kalitatezko uda pasatzeko aukera izan dezaten».
Programan izena emateko aukera datorren astean amaituko da, hilaren 15ean, hain zuzen. Haurrak hartzeko interesa duenak, edota informazioa behar duenak, Hernaniko Udalaren Lankidetza sailera jo beharko du.
Haurrak ekaina bukaeran iritsiko dira, eta pare bat hilabete pasako dituzte Hernanin. Udalak jakinarazi du Oporrak Bakean programa garrantzitsua dela «basamortuko berorik haundienetatik atera eta osasun aldetik hobetzeko».