Auzo Bira egingo du Hernaniko Udal Gobernuak aurten ere, Udala auzotarrengana hurbildu nahian. Astelehenean emango diote hasiera, eta zazpi bilera egingo dituzte urtarrilean zehar, eremu ezberdinetako bizilagunen ekarpenak eta proposamenak jasotzeko, eta udal jardunaren berri zuzenean emateko. Hernaniko sei puntutan izango dira aurreneko seiak, inguruko auzoetako bizilagunei gonbitea luzatuta; eta Ereñotzun egingo dute azkenekoa, bertakoei zuzenduta.
Horrela, auzoetara bertaratuko dira Gobernu Taldeko ordezkariak, eta honako gaien inguruko azalpenak emango dizkiete herritarrei, saio bakoitzean: Gobernu Planaren jarraipena, auzotarren proposamenen bilakaera, eta herriari eragiten dioten gai nagusiak. Bilera bakoitzak ordu eta erdiko iraupena izango duela aurreikusi dute.
Auzo Biraren bitartez, «herritarren partehartze zuzena» sustatu nahi dute, eta Udala auzoetara hurbildu, «herritarrei bidea errazteko». Azaldu dutenez, gainera, aurten Udalak aukera eman die auzotarrei zein auzo elkarteei intereseko gaiak proposatzeko, Auzo Bira hasi aurretik. Azaroan egindako partehartze prozesuan jaso zituzten proposamen horiek.
Langile ikastolaren Meabe eraikinean izango da aurreneko bilera etzi, 18:30etatik aurrera. Galarreta, Jauregi, Latsunbe, Marieluts eta Sorgintxuloko bizilagunak gonbidatu dituzte.
|
AUZO BIRA BILEREN EGUTEGIA Urtarrilak 12, Chillida 1, Galarreta, Jauregi, Latsunbe, Marieluts, Urbieta 16-18 eta Sorgintxuloko bizilagunak. Langile ikastolaren Meabe eraikinean, 18:30etatik 20:00etara. Urtarrilak 15, Antziola 1-18 eta 24-30, Argarain, Bidebieta, Florida 1-20, Gabriel Zelaia plaza, Gartzia Goldaratz, Karmelo Labaka, Mañe i Flaquer, Montebideo, Oriamendi eta Perkaiztegiko bizilagunak. Burujabetzen Etxean (Florida, 28), 18:30etatik 20:00etara. Urtarrilak 19, Antziola 31-116, Bestizan, Etxeberri 1-10, Florida 46-161, Iturmendi, Laiztiaga, Sagastialde eta Sagastialde Berriko bizilagunak. Hernaniko haurreskolan, 18:30etatik 20:00etara. Urtarrilak 21, Agustindarren plaza, Aimar Elosegi 'Moio' kalea, Andre kalea, Aristizabal, Atzieta, Elkano, Ezkiaga, Florida 28-40, Gudarien Plaza, Iturriaga, Izpizua, Kale Nagusia, Napar kalea, Oartzu, Orkolaga, Plaza Berri, Txirrita, Urbieta eta 'Zapa' kaleko bizilagunak. Biterin, 18:30etatik 20:00etara. Urtarrilak 22, Akarregi, Balantxa 1-5, Elizatxo behekoa, Karabel, Ibarrolaburu, Martindegi, Osiñaga, Oleta plaza, Portu eta Zikuñagako bizilagunak. Elizatxo ikastolan, 18:30etatik 20:00etara. Urtarrilak 26, Antsorena anaiak, Elizatxo goikoa, Iturregi, Karobieta, Larramendi, Lizarraga, Lizeaga, Madalena, Oindi, Sandiusterri, Santa Barbara, Tellerigain, Txantxilla eta Victor Hugoko bizilagunak. Urumea ikastolan, 18:30etatik 20:00etara. Urtarrilak 29, Epele bailara, Ereñotzu, Lastaola eta Pagoaga bailarako bizilagunak. Ereñotzuko Auzo Udalean, 19:15etatik 20:45etara. |