Bi hilabeteko etenaren ondoren, bueltan izango da Ohorezko Elite Mailako lehia, asteburu honetan. Irabazi beharreko partidua dauka Hernanik ligari berriro ekiteko: Cisneros azkeneko sailkatua hartuko du Landaren, gaur arratsaldeko 16:00etan. Madrildarren bigarren taldeak garaipen bakarra lortu du orain arte, zazpi partidutan.
Etenaldi luzeek beti dakartzate aldaketak, baina trikoloreek erakutsi dute sasoi puntu berarekin jarraitzen dutela. Ligako azkenekoan, garaipen haundia lortu zuten Gernikaren zelaian (22-27), azaroaren 8an; eta gerora ere maila ederrean aritu dira Errege Kopan, Sant Cugat menderatu eta maila goreneko taldeei hortzak erakutsita.
Ligako azkeneko partidutik, gauza berriak probatzeko, sasoi puntuari eusteko eta min hartuta zeuden jokalariak errekuperatzeko baliatu dute tartea trikoloreek, bai Kopako asteetan, eta baita ordutik izan duten atsedenaldian ere.
Izan ere, garbi azaldu dute liga dela erronka nagusia, are gehiago taldea ematen ari den maila eta lortutako emaitzak ikusita. Aurreneko lauen artean sailkatu eta igoerako play offa jokatzea oso helburu errealista da Hernanirentzat, une honetan: bigarren dago sailkapenean, 25 punturekin, Sant Cugaten (27) atzetik eta Las Rozasen (21) aurretik. Edonola ere, ligak oso luze joko du oraindik. Zortzigarren partidua da gaurkoa, eta beste hamar jokatu beharko dituzte.