Bihar ekingo diozue Gipuzkoako Batel Ligari. Zer moduz zaudete?
Ondo gaude, gogotsu. Hala ere, bakoitzak era ezberdinean egiten dio aurre lehiaketari. Infantil gehienak, adibidez, lehenengo urtekoak dira, eta biharkoa izango da euren lehenengo esperientzia txapelketan. Ez dakigu zer espero duten, eta beraiek ere ez dute jakingo zer den uretan egon arte. Sumatzen dugu gauzak ondo egiteko gogo haundia dutela.
Kadeteen kasuan, aurretik badakite zer den lehiatzea, baina gehienek lehenengo urtea dute maila honetan, eta asko aldatzen dira gauzak. Lehenengo aldia izango dute txalekorik gabe arraunean, eta 500 metro gehiago egin beharko dituzte estropada bakoitzean. Berritasun asko dira, baina gogoz gaude.
Hortaz, lehenengo estropadak lehiaketari neurria hartzeko erabiliko dituzue.
Bai, hori da. Hasierako kontaktu hori oso garrantzitsua da, euren begiekin ikus dezaten zer den lehiaketa. Horitik aurrera, hainbeste berri izanda, pixkanaka hobetzen joatea da gure asmoa, liga amaierako estropadetan lehiakorrak izateko.
Zer da garrantzitsuena adin horietan? Zer bereganatu behar du arraunlari infantil edo kadete batek?
Teknika ona hartzea da garrantzitsuena. Arlo horretan oso gainean egotea tokatzen zaigu entrenatzaileoi. Ñabardura guztiak ondo zaindu behar ditugu, berebizikoa baita postura txarrak ekiditea eta oinarrizko gauzak barneratzea. Koordinazioa ere asko lantzen dugu, denek batera arraun egiteko. Horiek ondo irakastea dagokigu guri, oinarri horren gainean pixkanaka hobetzen joateko.
Kadeteetan, oinarri hori aurretik dakartenez, indarraren lanketan zentratzen gara gehiago. Ergometroan batioak neurtzen hasten gara, fisikoa gehiago lantzen dugu, exigentzia ere haunditzen dugu... Horrez gain, jada txalekorik gabe dabiltzanez, arraunera garbiagoa bilatzen saiatzen gara.
Liga bihar hasiko dute gaztetxoek. Azken asteetan asko gogortu duzue prestakuntza?
Ez bereziki. Ikasturte hasieratik daramagu entrenamenduekin, eta Gabonetan jarraipena eman diogu lan horri. Egia da goizetan entrenatzeak denbora gehiago eskaintzeko aukera ematen dizula, entrenamenduak konbinatzeko gehienbat. Indarra landu eta uretan karga sartu dugu. Irailetik progresiboki haunditu dugu erritmoa lehiaketara puntu onean iristeko.
Helbururik baduzue buruan?
Infantiletan asko nabaritzen da lehenengo urtekoen eta bigarren urtekoen arteko aldea, eta badakigu zaila izango dela banderak edo dominak lortzea. Zorte pixka batekin zerbait eskuratu dezakegu, Federazio Kopan besterik ez bada ere. Kadeteekin, berriz, ohorezko txandetara sailkatzeko asmoa daukagu. Astez aste joango gara erritmoa hartzen, baina helburu horiek betetzea da aurreikuspena. Gainontzean, gustatzen zaigu arraunlariek jartzea euren helburuak, horrek sortzen baitu benetako zirrara.
Zenbat gaztetxo dabiltza orain arraunean?
37 arraunlari dauzkagu infantilen (17) eta kadeteen (20) artean. Ia denak emakumezkoak dira, mutil bakarra daukagu. Horixe da klub gehienetako joera. Saiatu izan gara mutil gehixeago animatzen kanpaina batzuen bitartez, baina bistan da ez dugula arrakastarik izan.
Inguru honetan kirol gutxitua ere bada arrauna. Ez da erraza izango futbola bezalako kirolekin lehiatzea.
Ez da erraza, baina arrauna probatzen duenak normalean iraun egiten du. Gutxi gorabehera infantiletan hasten diren arraunlarien %80ak kadeteetako zikloa ere osatzen du elkartean. Arazorik haundiena erakarpenean daukagu, jendeari kostatu egiten zaiola probatzera etortzea. Gainontzean, kirol polita eta berezia da, eta engantxatu egiten du.
Irauten duten horientzat 'Maialen' traineruko arraunlariak izango dira erreferenteak. Prestaketarekin dira nagusiak ere, ezta?
Hori da. Udari begira gaude jada. Aurreko urteetan batelekin ere aritu gara, prestaketaren osagarri modura. Baina aurten jende asko daukagu kanpoan ikasten, eta batelekin ez aritzea erabaki dugu.
Arraunlari gazteekin osatu zenuten iaz trainerua. Esperientzia pixka bat pilatuta, koska bat goratzea da aurtengo helburua?
Ez dakit... Juxtu xamar gabiltzala esango nuke. Talde gaztea da gurea, eta azken urteetan faktore batek eragin haundia izan du: maila txukuna hartzen duten arraunlariak joan egiten dira. Ez dute pazientziarik hemen tiratzeko. Arraunlariak maila ona hartzen duenean bi aukera dauzka; etxean geratu eta pazientziarekin denen maila goratu, edo alde egin. Pena da, baina horixe da errealitatea. Infantiletan hasten dira hemen, eta maila hartzen dutenean joan egiten zaizkigu.
Dena den, oinarria ondo zaindu behar dugu. Klub haundien mehatxua hortxe dago, baina lanean jarraitzea dagokigu. Hernaniko harrobiaren maila oso ona da, emaitzek erakusten dute hori, eta badakigu bide onetik goazela.
Hala ere, talde sendoa osatzeko moduan zaudete?
Bai, hori bai. Beste pauso bat eman nahi dugu. Etxeko bloke ona daukagu, hamar bat arraunlariko taldetxoa. Orduan, beste hiru edo lau ekartzea da asmoa, koska pixka bat igo ahal izateko. Alde horretatik dena oso ondo doala esango nuke.
Kudeaketa eta barruko lanen aldetik, osasuntsu dago elkartea?
Arlo horietan ere beti juxtu xamar ibiltzen gara. Bakoitzak bere lana dauka hemendik kanpo, eta ahal duena egiten du. Gurasoek asko laguntzen gaituzte, estropada batera joateko baliabide asko behar baitira. Beti nahi dugu gehiago, baina egoera ez da txarra.
Helduen kasuan, aurten Orion lokala lortzea da kudeatzaileen helburu nagusia. Traineruarekin han entrenatu behar dugu, eta lokalik ez izateak asko zailtzen du dena, neguan bereziki. Lanean eta borrokan gabiltza.