Hernaniko Familia Gunea erabili ahal izateko izenematea zabalik dago jada. Urtarrilaren 18ra arte egin ahalko dute herritarrek inskripzioa, labur.eus/familiagunea2026 estekaren bitartez.
2024ko abenduan jarri zuen martxan Hernaniko udalak «haurrak familiekin goxo egoteko espazioa». 2025a probaldi moduan erabili dute, eta izandako harrera ikusita jarraipena eman diote proiektuari. Aitor Lukas Haur, Nerabe eta Gazteria zinegotziak azaldu ditu nondik norakoak: «2025eko probaldiaren ondoren, erabiltzaile izateko aukera izango dute interesa duten Hernaniko familia guztiek. Horregatik, berriz zabaldu da izenematea».
0-6 urte bitarteko haurrei eta euren familiei zuzendutako gunea da.
Bilera irekia, urtarrilaren 14an
Gunearen xehetasunak azaltzeko, zerbitzuaren aurkezpen bilera egingo dute hilaren 14an, arratsaldeko 17:30etan, Kulturarteko Plaza Feministan. Familia Gunea urtarrilaren 19tik aurrera irekiko dute berriro, ohiko ordutegian.