Sasoi ederrean dago Hernaniko esku pelota kluba. Aspaldiko pelotari kopururik haundiena du Hernanik, 96 dira guztira, eta txapelketetan esperientzia pilatzen jarraitzen dute.
Gabonetako Esku Pelota Txapelketa da azken adibidea. Pasa den larunbatean jokatu zituzten alebin eta benjamin mailetako finalak, eta giro ederra sortu zen kiroldegiko frontoian. Txapelketaren helburua Hernaniko pelotariei jokatzeko aukera ematea izan da, eta ondo beteta geratu da gaztetxoen mailan: 52 hernaniarrek jokatu dute alebinen eta benjaminen txapelketan.
Finalen eguna klubeko pelotari guztien argazkia ateratzeko aprobetxatu zuten. Esan bezala, aspaldiko talderik haundiena da aurtengoa, eta bete-betea geratu da urteroko argazki hori, nahiz eta pelotari askok ezin izan zuten bertaratu.
Udaberri Txapelketan arituko diren pelotariak eta entrenatzaileak.
Txapelketa batetik bestera egingo dute salto infantilek
Udaberri Txapelketa ate joka dute Hernaniko pelotari infantilek. Aurtengoan bost talde osatu ditu CD Hernanik, hiru bikote eta bi hirukote: Niko Altuna, Lizar Ortiz de Arri eta Oihan Diez; Beñat Zubitur eta Xan Lujanbio; Xuban Miranda, Aner Otegi eta Oihan Makatzaga; Haitz Labaka eta Aner Serrano; eta Xabat Santa Cruz eta Eñaut Argiñarena. Bihar hasiko dira.
Sopelatik txapelarekin itzuli ziren Arsuaga eta Zugasti
Koxkortutako pelotariek ere emaitza bikainak lortu dituzte azken asteetan. Oier Arsuagak eta Lier Zugastik Sopelako Txapelketako txapela jantzi zuten, kadete mailako finala irabazita. Manzisidor-Alberdi bikotearen aurka 22-15 irabazi zuten final haundian.
Oier Arsuaga eta Lier Zugasti, Sopelako garaikurrekin.
Gaur iluntzean jokatuko du Salaberriak
Promozio mailako Binakako Txapelketak aurrera jarraitzen du. Iker Salaberria goizuetarrak gaur iluntzean jokatuko du bederatzigarren jardunaldiko partidua, Gaskuerekin batera, Muruaren eta Eskuzaren aurka (Gabirondoren ordez). 21:15etan hasiko da Valcarlosen jokatuko den jaialdia.
Salaberria eta Gaskue bide onetik doaz ligaxkan. Zortzi partidutan bost garaipen lortu dituzte, eta aldiro lehiakor aritu dira kantxan. Oraingoz estu daude kontuak sailkapenean, baina gaurko partidua irabazteak aldeak markatu ditzake, Murua eta Gabirondok ere bost garaipen baitituzte.

