Neguko oporraldia ondo baino hobeto aprobetxatu dute Portun. Lau jarduera egin dituzte oporretako bi asteetan, eta gustura ibili dira auzotar guztiak.
Lan pixka bat egin behar izan zuten gaztetxoek lehenengo jardueran. Robotika ikastaro bat antolatu zuten auzoko lokalean, eta, ordenagailuen bitartez, horiek martxan jarri zituzten.
Burua pixka bat nekatu ondoren, indarrak hartzeko baliatu zuten hurrengo ikastaroa: erroskila tailerra. Norberak egin eta norberak jan; ez dago gertuagoko jakirik.
Tripak ondo beteta, Andoni Magoak emanaldia eskaini zuen Portuko arkupeetan. Saioa amaitu zuenean truko batzuk ere erakutsi zituen (baina ezin ditugu argitaratu).
Azkenik, urtea behar bezala bukatzeko, Santa Barbarara igo ziren bizilagunak. Izerdi pixka bat bota eta afaria irabazi zuten.