Gazteentzako aholkularitza juridikoa indartzeko apustua egin du Hernaniko Udalak. Banakako saioak mantenduko dituzte eta hauei tailer irekiak gehituko zaizkie. Hilean behin egingo dira eta gai ezberdinak jorratuko dira; batzuk gazteei zuzenduak izango dira, eta besteak gurasoentzako saioak izango dira.
Aholkularitza zerbitzua martxan da aurten ere. 16 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta helburua 'beren burua ezagutzen lagundu, nortasuna ezagutu eta indartu, eta emozioen ezagutza eta kudeaketa egiten laguntzea da'. Doako zerbitzua izateaz gain, aholkularitza erabat pertsonalizatua dela ziurtatu du Udalak.
Dagoeneko hitzordua eskatu daiteke gazteaholkularitza@hernani.eus webgunean edo 747 487 343 telefonora deituta. Saioak asteartero izango dira arratsaldeko 18:00etatik 21:00etara, Aristizabal kaleko 7an.
Doako hamar saio, nerabe eta gurasoentzat
Zerbitzua indartzera bidean, gai ezberdinak lantzeko tailerrak eskainiko ditu Udalak. Urtean hamar saio izango dira, doakoak. Batzuk nerabeentzat izango dira eta besteak haien gurasoentzako saioak izango dira.
Aurtengo lehenengo hiru saioetako gaiak aurreratu ditu Udalak: harremanak (nerabeei zuzendutako saioa, urtarrilaren 27an), harreman osasuntsuak eta mugen kudeaketa (nerabeen gurasoentzako saioa, otsailaren 25ean) eta autoestimua eta autoirudia (nerabeentzako saioa, martxoaren 25ean).
Tailerrak ere Aristizabal kaleko lokalean egingo dira arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara bitartean.