Albiste pozgarriarekin hasi du 2026 urtea Goizuetako Udalak, Ospitala zen eraikina birgaitzeko proiektuari dagokionean. Izan ere, beste 300.000 euroko dirulaguntza jaso du Nafarroako Gobernuak Ospitala birgaitzeko, EH Bilduren ekimenez.
2025ean dagoeneko jaso zuen kopuru hori bera Goizuetako Udalak, Nafarroako Gobernutik, proiektu bererako. Eta 2026ko aurrekontuetan gorde du berriro 300.000 euroko partida, Goizuetan etxebizitza bultzatzeko. Abenduaren 18an eman zion behin-behineko onarpena Nafarroako Parlamentuak aurrekontuari.
Gauzak horrela, eta dirulaguntza partida berriari esker, Ospitala birgaitzeko lanen bigarren fasea jarri du martxan Goizuetako Udalak, dagoeneko.
Ia milioi bat euroko dirulaguntzak, denera
«Aspaldiko asmoetako bat» izan da Ospitala birgaitzea, Goizuetako Udalarentzat; eta dagoeneko 2010ean hasi zen «eraikin hau herritarren zerbitzura jartzeko ahaleginetan». 2025ean bideratu ahal izan zuen azkenean, Nafarroako Gobernutik jasotako bultzada ekonomikoari esker: proiektua eguneratu, eta birgaitzeko lanen lehenengo fasea esleitu zuen.
Proiektu eguneratuak 1,3 milioi euroko aurrekontua dauka, eta horren zati haundiena dirulaguntza bidez finantzatzea lortu du Udalak. Zehazki, 2025ean eta 2026an guztira 600.000 euro esleitu dizkio Nafarroako Gobernuak, aipatu bezala; eta beste 360.000 euro ere jasoko ditu zaharberritze babestua izategatik. Hortaz, 960.000 euro izanen dira denera, eta Udalak jarriko ditu gainerako 340.000 euroak.
Aurreikuspena, abendurako etxebizitzak prest izatea
Alokairu eskuragarrira bideratutako sei etxebizitza dira bertan eginen dituztenak, eta aurreikusitako epeak ere eman ditu aditzera Udalak: etxebizitzak urtea bukatu aurretik prest izatea espero dute. Lehenengo faseko lanak esleituta eta martxan dira dagoeneko: kanpoko paretak mantenduta, eraikina hustu eta egur laminatuzko egitura berri bat egitea aurrena, eta teilatu berria jartzea ondoren. Apirilerako aurreikusi dute lan horiek bukatzea.
Bigarren fasearen lizitazioa ere zabaldu berri du Udalak, eta fase horretan eginen dira sei etxebitizak eta trastelekuak, baita udal erabilerarako lokal bat ere. Azaldu dutenez, aurreikuspena da lan horiek maiatzean hasi eta abenduan bukatzea.
Horrela, 2027rako beste sei etxebizitza berritu jarriko lituzke Udalak herritarren eskura: «Goizuetak pairatzen duen despopulazioari aurre egiteko, tresna garrantzitsua da etxebizitza eskaintza izatea», nabarmendu du.
Ospitala birgaitzearekin batera, gainera, «herrigunean egoera arriskutsuenean dagoen eraikina» zaharberrituko dela ere azpimarratu du Udalak.