Gaurtik salgai daude ekainera bitarteko kultur emanaldietarako sarrerak, Biterin edo online

Libe Murua Masid 2026ko urtarrilaren 7a

'Petti eta etxeko uzta' kontzertuak emango dio hasiera 2026ko kultur programazioari.

22 emanaldik osatu dute ekainera arteko kultur programazioa, eta Hernaniko artistek toki berezia izango dutela aurreratu du Udalak. Adinekoentzako ipuin-kontaketa da nobedade, prezioen eguneraketarekin batera. 

Ekainera bitarteko kultur programazioa aurkeztu berri du Hernaniko Udalak. 22 emanaldiz osatuko da, eta gaurtik aurrera emanaldieratako sarrerak erosteko aukera izango da Biterin edo kultura.hernani.eus webgunean. Udalak aurreratu duenez, herriko artistek toki berezia izango dute programazio horretan. Bestalde, zenbait nobedade ere izango dira aurten, tartean adinekoentzako ipuin-kontaketak eta kultur emanaldietako prezioen eguneraketa.

Herriko artista eta sortzaileen presentzia

Datozen hilabeteetan oholtza gainean ikusiko ditugu herriko zenbait artista eta sortzaile. Besteak beste, Ainhoa Usandizaga dantzaria Cielo Raso konpainiaren 'Euforia' lanean (otsailak 27), Nahia Valle abeslaria Femmm & Bandekin (apirilak 16), Mikel Laskurain eta Unax Uralde aktoreak (lehena Korrika Kulturaleko 'Kaka' antzezlanean, martxoak 26, eta bigarrena 'Aitatxo' lanean, martxoak 5) eta Joseba Korta Pacheco pianista, bere gradu amaierako lana aurkezten (maiatzak 8).

Musika munduan, Petti musikariak irekiko du egitaraua, urtarrilaren 16an, 22:00etan Biterin. 'Petti eta etxeko uzta' kontzertua eskainiko du beratarrak, hainbat musikarik lagunduta.

Sokari helduko diote jarraian, besteak beste, Olatz Salvador edota Maddi Oihenart eta Juantxo Zeberio bezalako musikariek. Haurrentzako sei emanaldi ere eskainiko dira. Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoa eta Korrika Kulturala ere batuko dira programaziora. Azkenik, Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketako saio bat ere izango dela aurreratu dute.

Ipuin-kontaketak, orain adinekoentzat baita ere!

Udal liburutegiak antolatu du programazio berriaren nobedadeetako bat, Auzozaintzarekin elkarlanean: Kontu Kontari +75 ipuin-kontaketak. Adineko herritarrei zuzendutako kontaketa saioak izango dira, elebitan. Dorleta Kortazar ipuin kontalariak eskainiko ditu, hilean behin, maiatzera bitarte. Urtarrilaren 30ean izango da aurrenekoa.

«Auzozaintzan parte hartzen duten askok daukate joera liburutegira etortzeko, eta udal liburutegiak beti izan du adinekoen eta liburutegiaren arteko lotura lantzeko nahia», azaldu dute Hernaniko liburuzainek.

Beste aldaketa kultur emanaldien prezioetan dator, eguneratu egin baitituzte, kasu gehienetan 0,5 euroko igoerarekin. Horrela, haurrentzako ema­naldien prezioa 4 eurokoa izango da, eta helduentzako saioek bi prezio izango dituzte: 8,5 euro edo 10 euro. Zinearen prezioei ere eragiten die eguneraketak: helduen sarrera 5 euroan izango da, haurrena 3,5 euroan, eta Ikusleen Egunekoa 4 euroan. 3Dko filmetarako, berriz, 6 euro izango dira helduentzat, eta 4,5 euro haurrentzat.

Hemen ikusgai programazio osoa: kulturprogramazioa2026.pdf

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!