Errenterian saria Iñigo Legorburuk, beldurrezko mikrokontakizunetan

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko urtarrilaren 6a

Iñigo Legorburu, saria jasotzen, Orereta Ikastolan.

Bigarrenez irabazi du Orereta Ikastolak antolatutako lehiaketa, helduen kategorian.

2025 urtea bukatu aurretik, azkeneko sari bat jaso zuen Iñigo Legorburuk, Errenterian: Orere­ta Ikastolak antolatutako beldu­rrezko mikrokontakizunen lehi­a­keta irabazi du hernaniarrak, helduen kategorian. Zazpigarren edizioa du lehiaketak, eta bigarrenez lortu du saria Legorburuk, 2021ean irabazi ondoren.

'Goxo goxo' izeneko lanarekin lortu du saria oraingoan: «Zahar etxe batean hamarkadetan lanean jardun duen zeladore bat da protagonista, eta seme-alabek bertan sartzen dutenean, iraganeko mamuak berpiztuko zaizkio», azaldu du Legorburuk. «Gustuko dut begi bistan gertatzen diren gauzak batzuetan hain arruntak ez direla azpimarratzea».

Azpian dago irakurgai mikrokontakizuna osorik.

GOXO GOXO

Nire desira guztien aurka, erretreta hartu ostean zahar-etxera bidali naute berriro bueltan semeek. Nor eta ni, lau hamarkadetan zehar bertan zeladore jardundakoa. Nor eta ni, adinekoen  konplize izandakoa, gauero eskutik heldu eta haiei ohea goxoki atondu ostean, tapakiak amultsu egokitzen zizkien hura.

Gaixotasuna, eskizofrenia eta Alzheimerra nagusi diren mundu batera kondenatu naute berriro ere. Bizimoduz aldatzeko aukera bat izan eta ez didate utzi. Nire desira guztien aurka.

Beraz, orain berriro jarraitu beharko dut adinekoak entzuten, haiei eskutik heltzen eta oso gaixo daudenei, burukia aurpegian jarri eta izara txuria amultsuki euren neurrira doitzen nire eskutik eta nire zaletasun makabro honen erruz, arnasteari uzten diotenean.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!