Errege Magoen kabalgatak ez du hutsik egingo borondatezko lanari esker

Axier Mendizabal Goñi 2026ko urtarrilaren 5a

Urtero bezala, Errege Magoen kabalgata izango da gaur arratsaldean Hernaniko kaleetatik barrena. Arratsaldeko 18:00etan abiatuko da kabalgata Karobi paretik. Plazarainoko ibilbidea osatuko dute.

 

Urtero bezala, Errege Magoen kabalgata izango da gaur arratsaldean Hernaniko kaleetatik barrena. Errege Magoek ez dute hutsik egingo azkenean, baina kabalgatarik ez egoteko puntuan izan gara. Azken 24 urteetan kabalgata antolatzen ibili zen boluntario taldeak antolakuntza utziko zuela iragarri zuen pasa den urrian, etapa bati amaiera emanez. Antolatzeko talderik ezean, kabalgata ez zela egingo iragarri zuen Berriak Merkatari eta Ostalari Elkarteak. Egoera horren aurrean ordea, bolondres talde berri bat agertu da aurrekoen testigua hartzeko. Xabi Zabaleta bolondresarekin hitz egin du Kronikak, talde berriaren egoeraz, egiten duten lanaz eta aurrera begirako asmoez. Arratsaldeko 18:00etan abiatuko da kabalgata Karobi paretik. Plazarainoko ibilbidea osatuko dute.

Etapa bat amaitu, baina beste bat hasi duzue.

Berriak elkartearen aterkipean zegoen talde bat orain arte eta errelebo generazionalik ezean utzi egin dute. Urte asko izan dira eta nekatuta daude. Hala ere, ez egiteko arriskua ikusita, jendea hurbildu zen. Pare bat bilera izan dira egoeraz jabetzeko, informatzera bakarrik hurbildu zen jendea ere, baina dakigun bezala, guk egin ezean ez du inork egingo. Azkenean, 20 pertsona inguru bildu gara talde berri bat osatzeko eta martxan gaude.

Denbora gutxi izan duzue dena antolatzeko, baina jada aurrera begira zaudete.

Urrian erabaki zuen talde zaharrak ez zuela jarraituko eta denbora gutxi izan dugu, bai. Aurtengoa trantsizio urtea izango da. Osatu dugun karroza agian ez da beste urte batzuetakoa bezalakoa izango, errazagoa egin behar izan dugu, agian ez horren ikusgarria. Ahal izan dena egin dugu izan dugun denborarekin, baina hurrengo urteetan hobetuko dugula pentsatzen dut.

Ikusi beharko dugu nola egin, izan ere elkarlana ezinbestekoa zaigu, baimenak edota laguntzak kudeatzeko unean. Horretarako, herriko beste elkarte edo auzo-elkarteekin hitz egiteko asmoa dugu. Baita ere, kabalgatak eskatzen duen lana banatzeko. Adibidez, posible litzateke auzo-elkarte ezberdinetan eskulan tailerrak antolatzea ume eta gaztetxoek, gero kabalgatan aterako diren figura edo irudiak osatzeko. Horrek ere umeei beste poz bat ematen die, beste ilusio bat, errege gauaren magia hori.

Nolakoa izaten da zuentzat errege bezpera eguna?

Lanean hasiko gara goizeko 11:00etan, plazako muntaiarekin, etab. Ondoren, erregeak direnak 14:30tan hasten dira zaharren egoitzan. Ekintza ezberdinak egiten dira bertakoekin. Urtero egiten genituen eta nik uste dut gure zaharrek ere merezi dutela erregeen bisita hori. Ilusio egiten die eta opariak banatuko dizkiegu. 17:00ak inguruan bukatzen dugu erregeen etorria zaharren egoitzan eta atseden bat egiten dugu, 17:30tan Karobira jaitsi aurretik. Bertan jada, hasiera emango zaio ibilbideari 18:00etan. Handik abiatuta plazaraino gurutzatzen da herria eta plazan egiten zaie harrera erregeei.

Proiektu irekia dela azpimarratu nahi duzu.

Bai, hori da. Nahi nuke jendeak jakitea proiektu hau irekita dagoela nahi duenarentzat. Aurten oraindik parte hartu daiteke gainera, arratsaldean Karobin azalduta. Beti behar da jendea sokan joateko, edo umeak nahi izanez gero baserritarrez jantzita atera daitezke erregeei laguntzen. Hori dena zabalik dago, ez da talde itxi bat izango eta parte hartu duen orok izango du aukera. Beti behar izaten da jende berria, ideia berriak, etab. Hernaniko umeen ilusioak jarraitzea da gure helburua, betiere bolondresen lana oinarri. Hemen dena da borondatezko lana, inork ez du ezer kobratzen eta askotan guk jarri behar izaten dugu dirua gure poltsikoetatik. Udalak laguntza ekonomikoa ematen digu, baina gure esku egoten da gainontzeko guztia. Bestela beste gauza bat galdu dezakegu eta pixkanaka ohitura zaharrak galtzen ari gara, adibidez aurreskua. Horregatik ere egiten dugu, ohitura zahar horiek ez galtzeko. Eta gazteak behar ditugu batez ere.

Itxaropenik bada hala ere, ezta?

Bai, ni harrituta nago. Adibidez, karroza muntatzen aritu ginenean jende gazte dexente etorri zen lanera, bakoitza bere lanean, bere ekarpena egiten eta goiz batean lortu genuen karroza osatzea horiei esker. Nik behintzat itxaropena badaukat. Urte asko izan dira, izan ere, ni lehenago ere aritu naiz kabalgata antolatzen eta jasotako esperientzia partekatzea tokatzen zaidala uste dut. Eta beharra dago. Proiektu hau ez da proiektu pertsonal bat, hau egiten dugu herriak zerbait izan dezan, denon artean egiteko. Gero eta jende gehiagok parte hartu lan gutxiago izango da, denon artean egiteko zerbait baita.

Dirudienez arrakasta izan du kontuak. Errelebo falta sumatu da, baina azkenean buelta eman zaio horri eta talde berri bat osatzea lortu da. Horri esker, herritar talde baten esfortzuari esker ohitura zahar bat mantenduko da, errege gauaren magia mantenduko da. Errege bezala ateratzea, umeen ilusioa eta gauaren magia ikustea ikaragarria da, probatu ez duenak ez daki zer den hau. Halako egunez atera eta zuk egindakoak izaten duen erantzuna ikusteak, karrozan joan edo inguruan, indarra ematen dizu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!